Araba

OMBUAREN itzalpean, bertso eskolak plazara

2021/10/26
Patxi Bisquert aktore eta zuzendariaren proiektua ezagutzera eman eta Arabako bertso-eskolak plazara ateratzeko ekimena martxan da. Zalduondon abiatu ostean, Amurrio, Gasteiz eta Kanpezun ere aurkezpen bertso-saioak izango dira azaroaren erdialdera bitartean.

 Eguzki Art Zinema produktora txikiarekin martxan dago Patxi Bisquert aktore eta zinegilea. Ombuaren itzala da 2020ko udazkenetik gaur arte herriz herri aurkezten ari den proiektua. Arabara ere iritsi da Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitzaren inguruko film luzearen proiektua. Garai zailak dira kulturarentzat eta auzolana da aukera sendoenetako bat, horrexegatik, filmearen proiektua herriz herri azaldu eta  30000 sarrera aldez aurretik saltzea izango da filmea egin ahal izateko gainditu beharreko erronka. 

Arabako Bertsozale Elkartean ere, proiektu honi bultzadatxo bat eman, bertso-eskolen arteko topaguneak sortzeko, plaza berri bat irabazteko eta filmea eta Otañoren garaiaren berri jakiteko probestuko dugu aukera hau.

Lehen emanaldia Zalduondon izan genuen irailaren 18an, eta jende dezente hurbildu zen frontoi aldameneko karpara. Hurrengoa ostiral honetan, urriaren 29an izango da Amurrioko udaletxeko Pleno aretoan, Manu Bendala eta Juanjo Respaldizak bertsoz girotua. Azaroaren 4an Gasteiza helduko da, Oihaneder Euskararen Etxera, Maddi Agirre eta Asier Otamendik kantatuko dutelarik. Arabako azken emanaldia Mendialdean izango da, azaroaren 12an, San Martin azoka bezperatan Kanpezun, Julen Zulaika eta Unai Bengoetxeak kantatuko dutelarik. Udazkenean hosto guztiak jausi aurretik bertso eskolek burutxoa ateratzen hasteko aukera bikaina izango dugu. Ombuaren itzalpean… Bertso-eskolak plazara!

 URRIAREN 29AN

 

Amurrioko saioa