Bertsozale Elkartea

Bertsolaritza zaindu, sustatu, ikertu eta bere transmisioa eta etorkizuna bermatzea da Bertsozale Elkartearen egitekoa beste eragile eta bidelagun hainbatekin batera.

 

Mungia, 2018. Jon Maia eta Miren Amuriza

Bertsozale Elkartea bertsolaritza geroratzeko sortutako gizarte mugimendua da. 1987. urtean sortu zen, eta, bertsolaritzaz arduratzen diren bestelako eragile guztiekin batera, bertsolaritza zaintzea, sustatzea,  ikertzea eta haren transmisioa eta etorkizuna bermatzea da beraren egitekoa.

Irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta kontuan hartzen ditu tokian tokiko hizkuntzak eta gizartearen egoerak eta premiak.

 

Kokapena

Gizarte mugimendu gisa, bere baitan ardaztuta eta autonomiaz funtzionatzen du. Elkartearen balioetako bat gizarte, administrazio eta enpresa erakundeekin lankidetzan aritzea da, beren kultur proposamenen garapenean parte hartuz eta ekarpenak eginez.

Ezagutu hemen Bertsozale Elkartearen ibilbidea

 

Eragin eremuak

Kulturgintzan eta euskalgintzan eragitea da Bertsozale Elkartearen asmoa, bertsolaritzaren geroratzea  kulturgintzaren eta euskalgintzaren geroratzeari loturik baitago.

Euskarazko kultur adierazpide gisa, kultur sorkuntzan, eragiletzan eta diskurtsoan indar gehiago jartzea da Elkartearen nahietako bat, eta, aldi berean, eragile mota guztiekin lankidetzan aritzea.

 

Gure proiektua gehiago ezagutu nahi?