Jardun eremuak

Hezkuntza

Hezkuntza

Bertsolaritza belaunaldiz belaunaldi biziberritzea da Bertsozale Elkartearen egitekoa. Mugimenduaren ekosistema osoan eragiten ahalegintzen gara.

Hezkuntzari dagokionez, bertso eskolen sorrera eta dinamika bultzatzen dugu; hezkuntza arautuan, bertsolaritza irakasgai gisa eskaintzen diegu milaka gaztetxori, eta aisialdirako eskaintza ere badugu: bertso udalekuak, barnetegiak...

Bertsozale Elkartean hezkuntza lana egiten ari garelako kontzientziaz eta arduraz ari gara.

 

Plaza

Plaza

Bertsolarien plazaratzea sustatzeko ekimenak antolatu eta baliabideak jartzen ditugu: txapelketak, sariketak, topaketak...

Bertsolaritzaren azpiegitura indartzeko, Lanku Kultur Zerbitzuak enpresa sortu du Bertsozale Elkarteak. Bertsoa oinarri hartuta, edozein kultur ekitaldi sortzeko eta antolatzeko giza baliabideak zein baliabide materialak kudeatzen ditu.

Aurrera begira, Bertsozale Elkarteak sortzaileen autonomia zaindu eta bertsogintza garatzeko baldintzarik egokienak bilatu eta bermatu nahi ditu.

 

Ikerkuntza

Ikerkuntza

Bertsolaritzaren datu bilketa, azterketa eta garapena eragiteaz arduratzen gara Mintzola Ahozko Lantegiaren bitartez. Bertsolaritzaren ikerkuntza eragitea, euskaraz garatzen diren ahozko beste diziplinekiko zubiak eraikitzea eta gure kantu inprobisatua eta hari buruzko ezagutza munduan hedatzea eta guk mundukoak ezagutzea ditugu egiteko nagusi.

Ikerkuntza eragiteko, 1991. urtean Xenpelar Dokumentazio Zentroa sortu zuen Bertsozale Elkarteak. Bertsolaritzaren ondarea hainbat euskarritan biltzen da bertan.

Aurrera begira, unibertsitateekin eta ikerkuntza eragileekin lankidetzan, bertsolaritzaren mugimendua eta bertsogintza garatzeko ikerketak martxan jartzen jarraituko da.

 

Komunikazioa

Komunikazioa

Tentuz zaintzen du Elkarteak alor hau: komunikazioa ardatza da.

Harreman publikoei dagokienez, bertsolaritza geroratzeko lankidetzak bilatzea da gure oinarrizko printzipioetako bat, bertsolaritzako eragileekin zein gizarte, administrazio, eta enpresa esparruko  erakundeekin.

Aurrerantzean, Bertsozale Elkarteak bere harreman publikoak, lankidetzak eta diskurtso zein balioak erakusteko ahalegina indartzea da asmoa.

 

Hedapena

Hedapena

Bertsolaritzaren zabalkundea ezinbestekoa da berau ezagutarazteko, izan Elkartearen beraren euskarrien bidez, izan lankide ditugun komunikabideen bidez. Hastapenetik, apustu handia egin du Elkarteak bertsolaritzaren hedapenean.

Aurrerantzean ere, bertsolaritza bere osotasunean garatzeko, hedapen egitasmo egokiena gauzatzea da asmoa.