Bertsoa Bizi Gazte Bideopodkast lehiaketak badu irabazlea
Aurtengoan bideo podkastak izan dira tailerra jaso duten ikastetxeetako ikasleei proposatu zaien erronka. Berriak diren egitasmo denek bezala honek ere bazuen bere ziurgabetasun puntua. Asmatu ote dugu nerabeak erakarriko dituen zerbait sortzen, animatuko ote dira, zer pasako ote da... Eta BOOM! Gasteizen 10 zentrotan eman ditugu BBG bertsolaritza tailerrak eta 6 ikastetxe ezberdinetatik 7 bideo-podkast jaso ditugu. Arrakasta ziurtatua.
Zazpi podkast horien sari banaketa egiteko saio berezia prestatu genuen Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean eta Arabako Bertsozale Elkartearekin batera. Free-style bertso saio sari banaketa antolatu genuen pasa den maiatzaren 28an. Artista gonbidatuak Itxaso Paya, Izar Mendiguren eta Inaki Viñaspre free styler bertsolariak izan ziren Peru Abarrategiren gidaritzapean.
Bideo podkastak egin zituzten ikasleak, irakasleak, gurasoak eta beste mota bateko kuriosoak azaldu ziren saiora. Barre, dantza, txalo eta erritmo ugari izan genuen saioan. Eta sariak ere banatu genituen, noski. Hementxe dituzue sarituak zerrendaturik:
- BIDEO PODKAST IRABAZLEA ARAMENTIAKO DBH KOAK ENARA, LORETO, NAIA ETA KATTALIN.
- 2. LEKUAN OLABIDE IKASTOLAKO NAHIA, HEIKO, CANDELA ETA MADDI
- 3. LEKUAN IKAS BIDEA IKASTOLAKO HAIZEA, AITZIBER ETA LINA.
- BERTSOA BIZI GAZTE BIDEO-PODKASTEKO LOOK LANDUENAri aipamen berezia Ekialdea ikastolako gazteentzako: Ekai, Sabrin eta Irati.
Bideo podkast irabazlea bertan ikusteko aukera izan genuen.
Zorionak parte hartzaile guztiei, bejon daizuela, lehenbiziko edizioko espektatibak errez gainditu dituzte. Datorren ikasturtean gehiago izango dugu.