Araba

Maider Arregi oñatiarra garaile Aramaioko lehenengo Kopla Txapelketan

2018/10/22
Aramaioko eta inguruko herrietako hamabi bertsolarik kantatu dute arratsaldean Aramaioko kaleetan hasi eta Iturrieta sagardotegian amaitu den txapelketan. Lehen kopla txapelketak eman duenarekin pozik, ekimenak "jarraipena" izango duela uste du Aramaioko Bertso Eskolak.

Arratsaldean elkartu ziren bertsolariak Aramaion, eta bi kanporaketatan banatuta, ofizio bana kantatu zuten saioak entzuter hurbildu ziren dozenaka herritarren artean. Amaia Arregi eta Maialen Ballina trikitilarien laguntzaz, saio biziak osatu zituzten hamabi bertsolariek. Bertsolari hauek aritu ziren hasierako fasean kantuan: bost aramaioar (Aramaioko Andere Arriolabengoa, Peru Abarrategi, Aitor Ugarte, Paula Amilburu eta Martin Abarrategi), Aramaiorekin muga egiten duten herrietako sei (Jokin Labayen, Ane Zuazubiskar, Martin Berrizbeitia, Haizea Arana, Aitor Esteban eta Txaber Altube) eta gonbidatu moduan, oñatiar bat (Maider Arregi).

Kalean egindako saioetatik zortzi bertsolari hautatu zituzten Mikel Ruiz de Azua eta Iker Elexpuru epaileek, Iturrieta sagardotegian bildutako 60 lagunen aurrean aritzeko. Giroa berotuta eta sabelak beteta, gitarrak eta mandolinak lagunduta kantatu zuten bertsolariek. Entzuleen erabakiz, Maider Arregi eta Jokin Labayen aritu ziren buruz-burukoan, eta Arregik irabazi zuen Aramaioko lehen Kopla Txapelketa.