XII. BEE - Eibar (2016)

DSC_5070.JPG

Goizeko 10:00etan hasi ziren Gipuzkoako txoko guztietako haurrak Eibarrera iristen. Guztiak elkartu, Bertso Eskolen Eguneko kamisetak banatu eta taldeko argazkia atera ondoren Eibarko txistulariek lagunduta Coliseora kalejiran joan ziren.

Eskolarteko Txapelketako finala, goizeko 11:00etan hasi zen Eibarko Coliseo antzokian eta ume, gazte eta helduz osatutako 300 entzule bertaratu ziren.

Finala bukatu ondoren bazkaria eta arratsaldeko jolasak Urkizu parkean egitea aurreikusita bazen ere, eguraldiak ez zuen askorik lagundu eta Urkizu eskolako patioan egin behar izan genituen.

Txoko desberdinetan banatu genuen arratsaldeko egitaraua. Izan ere, bertso-eskoletako ikasleen artean adin ezberdinetako jendea bildu zen eta guztien interesei erantzun asmoz honako txokoak antolatu genituen:

-       Eskulanak eta txapa tailerra

-       Mural margoketa

-       Munduko jolasak

-       Bertso musikatuak

-       Bertso antzerkia

 Pare bat ordu txokoz-txoko jolasean ibili ondoren etxera joan aurretik beste  tailerretan ibili ziren lagunei prestatutakoa eskaintzeko aukera izan zuten.

Arratsaldeko 17:00etan bukatu ziren eguneko ekintza guztiak, eta bertso-eskoletako ikasle zein irakasleek,  bakoitzak bere herrira itzultzeko autobusa hartu zuen.