Bertso Korrika

AEKk eta Bertsozale Elkarteak, euskaltegien eta bertso eskolen sarearekin elkarlanean, Bertso Korrika antolatzen dugu Korrika Kulturalaren eskaintzaren baitan.

2013an abiatu zen Bertso Korrika. AEKk eta Bertsozale Elkarteak gauzatutako egitasmoa da, euskaltegien eta bertso eskolen sarearekin elkarlanean. Korrika iritsi aurretik Euskal Herria girotzeko helburu duen Korrika Kulturalaren eskaintzaren baitan kokatzen da Bertso Korrika.

Bertso saioez gain, Lanku Kultur Zerbitzuek bideratutako emanaldiak ere eskaini ohi dira Korrika Kulturalaren baitan. Bideokopla lehiaketa ere egin izan da.

Bertso Korrika 2017 saioa

BERTSO SAIOAK, EUSKARA IKASLEEN NEURRIRA

Bertso Korrikarekin bertsolaritzara hurbildu nahi dira euskara ikasleak. Haietako askorentzat bertso saio bat entzuten duten lehen aldia da. Horregatik, saioko azalpenak eta bertsolarien jarduna egokitu egiten dira, euskara ikasleek uler dezaten. Gainera, saioan zer topatuko duten, aurrez landuko dute euskaltegian, bertso eskolako gai-jartzailearen eskutik.

Bertsozaleentzat ere saio hauetako ateak zabalik daude, publikoan bertsozaleek eta euskara ikasleek bat egitea nahi baita.

Bertso saioan zer aurkituko duten aurrez lantzen da euskaltegian. Horretarako bertso saioko gai-jartzailea etortzen da euskaltegiko klasera, eta saioaren berri ematen die: bertsolariak aurkeztuz, saioan egingo dituzten ariketa motak azalduz, eta bertso baten sorkuntza prozesua zein den azalduz. Ondoren, euskara ikasleek gai-jartzailearen laguntzaz saiorako ariketa edo gai batzuk prestatzen dituzte.

BERTSO ZIRKUITU HONEN HELBURUAK

  • Euskara ikasten ari direnek bertso saio bat entzutea (batzuentzat lehen aldia izango da), euren neurrira egindakoa, eta gustura sentitzea. Bertsolaritzara hurbiltzea;
  • Herriko bertsolariei eta bertsolari gazteei kantatzeko aukera ematea;
  • Kalean (edo ostatuan) euskaraz elkartzea herriko euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak;
  • Herriko bertso eskolaren eta euskaltegiaren artean harremanak egitea.