Araba

Araban 8 saio antolatu dira korrika kulturalarekin batera

2017/03/08
Korrika Kulturalaren eskaintzan, tartean, Bertso Korrikak izango du lekua. Araban 4 herritan antolatuko dira, euskaltegiko ikasleentzat egokitutako saioak, hauetan: Laudio, Bernedo, Bastida eta Agurain. Horietaz gain, hainbat Korrika Batzordek proposatuta beste 4 saio antolatuko dira, haien artean Erradikalak Gara emanaldi berezia.

Martxoaren 30ean ekingo dio bideari 20. Korrikak, Otxandiotik hasi eta Iruñearaino. Euskararen aldeko festa ibiltaria hasi aurretik Korrika Kulturalaren aitzakian hainbat ekitaldi gauzatuko dira, Euskal Herria Korrikari ongietorria emateko prestatu asmoz. Eskaintza horren baitan antolatu da Bertso Korrika hirugarren urtez jarraian.

Bertso Korrika AEKk eta Bertsozale Elkarteak sustatutako egitasmoa da. Bere baitako saioen zirkuitua euskaltegien eta bertso eskolen sareek atondu dute elkarlanean. Hala, 25 bertso-saio baino gehiago eskainiko dira martxoan Euskal Herri osoan zehar. Araban 4 herritan antolatuko dira, hauexek: Laudio, Bernedo, Bastida eta Agurain.

Bertso Korrikarekin bertsolaritzara hurbildu nahi dira euskara ikasleak, eta helburu hori dute 4 saio horiek, baina gainerako bertsozaleentzat ere badira saioak, publikoan bertsozaleek eta euskara ikasleek bat egitea nahi baita. Haien artean Erradikalak Gara ikuskizun berria, Korrika kulturalarekin batera estreinatu dena eta LANKUk saritutakoa izan da. Gasteizen ikusgai egongo da martxoaren 9an, Oihaneder etxean.

Hona hemen agenda:
Martxoaren 9an,  Oihanederreko atrioan (Gasteiz), Erradikalak gara (Bertsoak eta bakarrizketa), 20:30.
Martxoaren 17an: Errexala elkartean (Gasteiz), Alde Zaharreko Korrika batzordeak antolatuta, Bertso dastaketa, 19:00.
Martxoaren 17an, Murgiako Gaztetxean (Zuia), Bertso-afaria (Amets Arzallus, Maialen Lujanbio)
Martxoaren 17an, Laudioko herriko plazan, Bertso kantu-jira, 20:00.
Martxoaren 18an, Bernedon (Mendialdea), Bertso bazkaria.
Martxoaren 18an, Bastida (Arabar Errioxa), Bertso poteoa, 19:00etan plazatik hasita
Martxoaren 24an, Aguraingo Kilkenny tabernan, Bertso-korrika, 20:30.
Martxoaren 25ean: Errekaleorren (Gasteiz), Salburuko Korrika batzordeak antolatuta, bertso-afaria.