Araba

Ehunka parte-hartzaile bildu ditu aurtengo bertso kopla lehiaketak

2023/11/21
Astelehenean zabalduko da bideorik onena aukeratzeko boto-emate fasea.

Aurreko edizioetan gertatu bezala, parte-hartzaileek gogotsu erantzun diote Arabako gaztetxoek ALEAk eta Arabako Bertsozale elkarteak lankidetzan antolatutako bideo kopla lehiaketari. 2000 ume inguruk parte hartu dute laugarren edizio honetan jasotako dozenaka bideoen artean.

Parte-hartzeko epea agortuta, astelehenetik aurrera, eta azaroaren 27a bitartean, bideorik onena aukeratzeko fase berria irekiko da. ALEAren webgunean kokatutako atal bereziaren bitartez, 3 bideorik gustokoenak aukeratu ahalko dituzte irakurleek. 

Irabazleak eta sariak

Jasotako lan guztien artean, bideo-kopla onenaren saria aukeratuko du publikoak, eta, horrekin batera, ALEAko eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dute. Ugari izango dira sarituak horrenbestez, eta askotariko sariak izango dituzte eskuragarri:

  • Laboral Kutxaren eskutik, taldean gozatzeko Eskape Room bat Lautadan.
  • BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia bat.
  • ELKAR-en material sortak irabazleentzat eta taldearentzat.

Sari banaketa

Iazko edizioan bezala, bertso saio paregabe batekin amaituko da aurtengo lehiaketa. Abenduaren 3an, igandean, 12:00etatik aurrera, Oihana Iguaran, Unai Anda, Oihane Perea, Aroa Arrizubieta eta Irati Anda izango dira Salburua gizarte etxean, sari banaketaren aurretik publikoa gozarazteko. Beraiekin izango dira Uxue Diaz de Zerio —gai jartzaile gisa—, Nahiara Eizagirre eta Aintzira Gorosabel —musika eta laguntza eskaintzeko—.

Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak doakoak dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira, saioaren eguneko 11:00ak baino lehen. Saioaren egunean sarrerarik geldituko balitz, 11:40ean zabalduko da txarteldegia, aretoko ateak irekitzearekin batera.

Oiongo San Bizente ikastolako parte-hartzaileak. / ALEA