Aurkeztu dugu BBG 2019ko lehiaketa!

2019/02/20
Gazteen euskarazko sormena bultzatzea helburu duen Bertsoa Bizi Gazte lehiaketa martxan dago. Arabako Bertsozale Elkartea da ekimenaren sustatzailea eta Arabako Foru Aldundia laguntzailea.

Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Bertsozale elkarteak gaur egin dute BERTSOA BIZI GAZTE bideoklip lehiaketaren aurkezpen soziala, Artium museoan. Gazteen euskarazko sormena bultzatzea helburu duen proiektuaren nondik norakoak. Lehiaketaren oinarriak, sariak eta maiatzaren 11n Legution izango den festa handiaren berri eman dute hedabideen eta gizartearen aurrean.

14-18 urte bitarteko gazteentzako proposamena da. Gutxienez hiru eta gehienez zortzi laguneko taldea osatu eta bi minutuko bideoklipa bidali beharko da maiatzaren 6a baino lehen. Gazteen euskarazko sormena lantzeko, aurretik 1.000 ikaslerekin egin dute lanketa DBHko 19 ikastetxetan.

Zer da bertsoa bizi gazte?

Bertsoa Bizi Gazte 2016an Arabako Bertsozale Elkarteak abiarazi zuen egitasmoa da. Gazteen euskararen erabilera sustatzea du helburua. Honetarako euskarazko sorkuntza da ardatz nagusia, baina musika, rapa edo ikus entzunezkoen arteko fusioa lantzea da oinarri nagusia. Egitasmoak bi eragin eremu nagusi ditu, bata, hezkuntza arautuan legoke kokatua. Bertan, Arabako institutuetan (DBH 3-4 mailatan batez ere) lau ordutako murgiltze saioak burutzen ditugu, ondoren euren ekoizpenak taularatzen dira bertso saio parte hartzaile baten bitartez.

2017-2018 ikasturtean 1000tik gora gazterengana iritsi ginen Arabako eskualde ezberdinetara. Aisialdi eremuan berriz, BBG lehiaketaren bidez, taldekako euskarazko sormena bultzatu asmoz ikus entzunezko lanak osatu zituzten, izan bertso musikatu moldean, abesti edo rap moldeetan. Behin bideoklip lanak jasota, lehiaketak sare sozialetan bozka bidezko ibilbidea izan zuten eta azkenik Bertsoa Bizi Gazte Eguna antolatu genuen Legution maiatzaren 12an. Bertan, Arabako gazteak bildu eta egun osoko egitaraua osatzeaz gain, sariak banatu, zuzeneko emanaldia egin eta gazteen arteko loturak sustatu asmoz, Arabako gazteen bertso txapelketako finala ere burutu genuen.

Pasa den urteko Bertsoa Bizi Gazte lehiaketa ezin hobeto baloratzen dugu, izan ere, 13 taldek eginiko lanak aurkeztu ziren, Gasteiz, Gorbeialdea, Mendialdea, Aiaraldea, Lautada eta Arabar Errioxako taldeen bidez. Honetaz gain, BBG egunean 100 gazte inguruk parte hartu zuten. Eta irailan, asteburu pasa antolatu genuen irabazleekin.

Espero dugu beraz, aurtengoan partaidetza handitzea eta hasitako bide honek jarraipen zabalagoa izatea.

2018-2019 ikasturtean 1000tik gora gazterengana iristea espero dugu berriz ere. Murgiltze saioen bidez, iazko institutu gehienek eman diote jarraipena ikasturte honetan (Gasteiz, Lautada,Mendialdea, Aiaraldea eta Gorbeialdean) eta aurtengoan beste ikastetxeren batera ere iritsi gara, esaterako Gasteizko Lakua BHIra. Honetaz gain, bideo klip lehiaketaren bidez partea hartzea berdinduko dela aurreikusten dugu.

2019ko BBG lehiaketa:

BBG lehiaketa Arabako Bertsozale Elkarteak antolatzen du Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Arabako gazteen euskarazko sorkuntza bultzatzea du xede lehiaketak eta taldeka aurkeztu beharko dituzte euren ekoizpenak (3-8 lagun). Gaiaren aukeraketa talde bakoitzaren esku egongo da eta bertso musikatu, abestiei letrak aldatu edo RAP moldeetan eta euskara hutsean egin beharko dute lana. Maiatzaren 6rako aurkeztu beharko dituzte lanak eta maiatzaren 11an BBG eguna antolatu dugu Legution, Legutioko udaletxearen babesarekin. Bertan, bideo klipak ikusi, bertsolari gazteen eskolarteko saioaz gozatu, sariak banatu, herri bazkaria… egun osoko egitaraua antolatu dugu gazteen gozamenerako. Sariei dagokionean, aurtengoan ere 4 sari nagusi eskainiko baditugu ere, bideo klip onenaren saria, originalena, web guneko bozkatuena eta txalo metroaren saria, guztiek irailaren 6,7 eta 8an asteburu pasa bera izango dute saritzat. Hain zuzen, Eulaten (Nafarroan) kirol abentura, euskara eta sormenaz gozatzeko aukera paregabea izango dute saridunek, Urbasa natur parke ezin hobean.

Jeitsi hemen