Araba

Aroa Arrizubietak irabazi du Arabako eskolartekoa

2019/05/11
Arabako ordezkari izango da Saran, Euskal Herriko Eskolartekoaren finalean, Aitor Ugarte txapeldunordearekin batera.

Legution izan da gaur goizean Arabako Eskolarteko bertsolari txapelketako finala Bertsoa Bizi Gazte Egunaren baitan. Legutioko Udala eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz, Ikastolen Elkarteak eta Arabako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen duten ekimenak 14 urtetik 18 urtera bitarteko Arabar bertsozaleak batu nahi izan ditu hirugarren urtez.

10:30etan lehiaketara aurkeztutako 7 bideoklipak proiektatu dira eta ikusleek txalo zaparrada eta giro ederrean jaso dituzte azken hilabeteetan egindako lanak.

Ondoren, oholtza gainean sei gazte, Aramaioko bertso-eskolako Danel Herrarte, Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi, Gasteizko bertso-eskolako Aroa Arrizubieta eta Eli Zaldua, eta Lautadako bertso-eskolako Beñat Cano.

Peru Abarrategi eskolarteko txapeldun ohiak gidatu du saioa. Agur bana kantatu ostean nerbioak baretuta binaka ofiziotan aritu dira zortziko nagusian zein txikian, bakarka lau oinak, puntu bati erantzun eta gai bati buruzko bertso bat kantatu behar izan dituzte. Esperientzia eta freskotasuna batu dira oholtza gainean entzuleen gozagarri.

Hasi berriak izan arren maila dotorea erakutsi dute Danel Herrartek eta Eli Zalduak, bertso batzuetan goia joz. Txalo zaparrada handiak jaso dituzte.

Lan txukuna egin dute halaber, Beñat Cano Aguraindarrak eta Aramaioko Martin Abarrategik. Patxadaz kantatuz eta pintzelada umoretsuak utziz.

Aroa Arrizubietak esperientzia, gogoa eta txispa ekarri ditu gaur, eta Gasteizera bueltan eraman du garaipena hirugarrenez, bere eskolarteko azken urtean.

Bigarren postua iazko txapeldun Aitor Ugartek eskuratu du, hurrengo urtean gogotsu bueltatuko dela argi utziz.

Arabako bertso-eskola ezberdinetako irakasleen eskutik eskuratu dute saria gazteek urte osoan zehar egin den transmisio lana borobiltzen ari dela irudikatuz. Aroa eta Aitorrek, azken urteetako lana eta Arabako nagusien txapelketan kantatzeak eman dien esperientziak babestuta, ederto ordezkatuko dute Araba ekainaren 8an Saran burutuko den Euskal Herriko Eskolarteko txapelketako finalean.

Festa arratsalde arte luzatu da Legution. Saioaren amaieran bazkaria izan dute bertaratutako gazteek. Eta bertan izan da Bideoklip lehiaketako sari-banaketa. Sariketaren ostean dantza-plazan askatu dira nerbio guztiak Mulixka dantza taldearekin, eta bertso eskoletako kideek mikrofono irekia izan dute lehiarik gabe mingainak dantzan jartzeko. Arabako txoko ezberdinetako sortzaile gazteek eta bertsozaleek festa borobila izan dute Legution berriz ere.

 

 

BIDEOKLIPIK ONENA:  ITXI BEGIAK

https://nibanaxarabakoa.eus/videos/zeuk-bozkatu-2019-bbg-itxi-begiak/

TXALOMETROAREN SARIA: KEMENA

https://nibanaxarabakoa.eus/videos/zeuk-bozkatu-2019-bbg-kemena-gg-low/

NIBANAXARABAKOA BIEOKLIP BOZKATUENA: LARANJA OSOAK

https://nibanaxarabakoa.eus/videos/zeuk-bozkatu-2019-bbg-laranja-osoak/

BIDEOKIPIK ORIGINALEA:  MENDIALDEKO PIRATAK (Kanpezu)

https://nibanaxarabakoa.eus/videos/zeuk-bozkatu-2019-bbg-mendialdeko-piratak/

Honenbestez, Arabako 2019ko Eskolarteko bertso txapelketako 6 finalistek eta bideoklip lehiaketako talde sarituetako  taldekide guztiek, asteburu bateko egonaldia izango dute opari Eulaten(Nafarroan) irailaren 6,7 eta 8an. Bertan, kirol abentura, euskara eta sormena uztartuz Urbasa ingurune paregabean egonaldi bikainaz gozatzeko aukera izango dute.

 

 

                    facebook abe  twiter abe  

Agenda

2019-05-23 Gasteiz Hitzaldia

Bertsolamintza. "Feminismoa eta bertsogintza, gai-jartzailearen talaiatik" eta "Nola sortzen da bertsogintzari buruzko iritzi publikoa?" hitzaldiak

2019-05-24 Gasteiz Plaza librea

Errekaleorreko jaiak. Bertso trama

2019-05-24 Laudio Berezia

Altxa Kopla Hori!

2019-05-25 Zigoitia Eskolartekoa

Arabako Bertsolari Gaztetxoen XXIV. Eskolartekoa. Finala

2019-05-31 Kanpezu Berezia

Altxa Kopla Hori!

Agenda osoa