Araba

Zigor Enbeita eta Xabi Igoa 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketarako lehenengo bi sailkatuak

2014/09/28
Larunbatean, Kanpezun jokatutako bi saioetatik lehenengo bi sailkatuak atera dira.

Arabako bertsogintza martxan dago. Larunbatean, Kanpezun, jokatu ziren 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketarako lehenengo bi aurre-kanporaketak. Bost aurre-kanporaketa izango dira guztira. Bost horietatik 13 bertsolari sailkatuko dira 2015eko txapelketarako. 2013ko txapelketako finalistak sailkatuta daude zuzenean.

Bertsolariek egin beharreko lan kopuruak, zutik kantatzeak eta parte hartzaileek 18 urtetik gorako adina eduki behar izateak zorroztu du maila.

Lehenengo saioan Olatz Santocildes gai-emailaren esanetara aritu ziren. Zigor Enbeita izan zen saioaren irabazlea, beraz, zuzenean sailkatu da urtarrilean hasiko den txapelketarako. Bertsolariek lortutako puntuazioak ondorengoak izan ziren: Zigor Enbeita 201 puntu, Irati Anda 196, Oier Arbina 161,5, Iker Olabarrieta 155 eta Unai Gomez 126. Ainara Balantzategi baja izan zen.

Bigarren aurre-kanporaketan, Veronica Domingok jarri zituen gaiak. Xabi Igoak lortu zituen puntu gehien, beraz, txapelketarako txartela lortu zuen. Bertsolariek lortutako puntuak hauexek izan ziren: Xabi Igoa 194 puntu, Ander Solozabal 188,5, Iker Agirre 186,5, Iñaki Tena 133, Egoitz Iradier 126,5, eta Iñaki Lertxundi 100 puntu.

Zigor Enbeita eta Xabi Igoa ez ezik, Kanpezun kantatu zuten beste bertsolari guztiak zain geratu dira, hurrengo 3 kanporaketetan beste bertsolariek lortzen duten puntuen arabera sailkatuko diren ala ez.

Hurrengo larunbatean, urriak 4, 16:30tatik aurrera, Ozaetako Iduia jauregian jokatuko dira 3. eta 4.aurre-kanporaketak.

Txapelketa 2015eko urtarrilean abiatuko da eta finala martxoaren 21ean izango da Gasteizko Printzipal Antzokian.

Aurre-kanporaketen jarraipen, bertsolarien biografia, sailkapena... bertsozale.eus web gunean jarraitzeko aukera dago, Hona hemen http://www.bertsozale.eus/eu/araba/2015eko-arabako-bertsolari-txapelketarako-aurre-kanporaketak

abtx15rako kanpezu 1 aurre kanporaketa

abtx15erako kanpezu 2 kanporaketa denak