Araba

Zatoz Bertso Eskolara!! Bertxoratu 2021-2022

2021/09/28
Martxan da Arabako Bertso-Eskoletako izena ematea. Izen ematea ONLINE izango da eta herri ezberdinetako aurkezpenak heltzear dira.

2021-2022ko ikasturtea martxan jartzera goaz, ikasturtea asmo onez eta ilusio berriz hasteko unea da. 

Arabako 13 herritako bertso eskolak abiatzeko unean dira, adin tarte guztietako taldeak daudelarik. Guztira 150 ikasle baino gehiagok  parte hartzen du urtero. 

Jendaurrean aritzen dira, paniko eszenikoa gainditzen, ideiak modu eraginkorrean antolatu eta azkartasunez inprobisatzen ere ikasten da bertso-eskolan. Kantu inprobisatuaren bidez gero bizitzako arlo askotan baliatu ahal izango dituzten hainbat trebetasun sozial eta pertsonal eskuratzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek.  

Eskaintza gehienek beren parekoa dute gazteleraz eta zaila da euskararentzat esparruak irabaztea egoera honetan. Are gehiago euskararentzat hain gogorra izan den urte honetan. Baina bertsoa euskaratik dator eta euskaraz da soilik, horrek oso berezi egiten du. 

Bertso-eskola euskara informal, lagun arteko eta naturalago batenganako zuzeneko zubia izan daiteke. Zuzeneko eragina du ikasleen euskararen jarrera, erabilera eta kalitatearen hobekuntzan. Baino batez ere lagun artean gozatzeko lekua da.

Aurtengoan ere Eñaut Aiartzaguenaren irudia du izen emate kanpainak, Arabako bertso-eskoletako ikasle eta irakasleen kanturako gogoa eta bizipoza ederki adierazten duena. 

Informazio gehiago nahi duenak Arabako Bertsozale Elkartera deitu  945010505 edo emaila idatzi araba@bertsozale.eus helbidera. 

Izena ematea  ONLINE formularioa bete eta Elkartea zuekin harremanetan jarriko da taldeak osatzeko. 

Hemen deskarga dezakezu informazio gehiago dakarren eskuorria.

HERRI EZBERDINETAKO AURKEZPEN DATAK eta KARTELAK:

 

 

Arabako haur, gazte eta helduen taldeak irailaren amaiera eta urrian zehar hasiko kantari. 

Animatu Bertso Eskolara!