Unai eta Aitor ikusi ahalko ditugu Bertxoko sariketako finalean

2018/11/21
Ostiralean Korreseko tabernan jokaturiko bigarren kanporaketako irabazleak Unai Anda eta Aitor Ugarte izan ziren.

Mierda! Inpresora madarikatua. Telefonoa hartu. 6** *** ***. Inprimatuko dituzu zuk gaiak?

Bai noski! Korresen ikusiko dugu elkar.

 

BERTXOKOKO WhatsaApp taldea:

Non zaudete?

Bidien nau, 10min beranduau helduko naz

Tabernan gaude pote bat hartzen

 

Horrela hasi zen Bertxoko sariketako bigarren kanporaketa. Korreseko tabernan jokatu zen, Txasko tabernariarekin batera antolaturiko zita hau. Taberna hutsik zegoenean heldu ziren bertxokotarrak. Beti bezala ekipoa montatu eta trago bat hartzeko denbora ez ziren falta izan. Gutxinaka-gutxinaka taberna bete eta pikoteo eder baten ondoren, 35 bat pertsona bildu ziren saioaz gozatzeko asmotan.

 

Bigarren kanporaketan Unai Anda, Markel Yoller, Ainhoa Comas eta Aitor Ugarte aritu ziren Paula Amilburu gai-emailearen esanetara. Bertsolariek egin beharreko lan puntuagarriak hasierako agur berezia, 3na bertso 8ko handian, 3na bertso 8ko txikian, bi punturi erantzun, bakarka hitza emanda bertso bat eta nola ez, MC Serapioren rap-a izan ziren.

Hasierako agur puntuagarrietatik egon zen barrea presente. Segidilla amaigabeak, koreografia ta guzti zuten bertsoak, abesti bertsionatuak eta Rosalia ere egon zen tarteko. Ofizioetan bakoitzak tinko heldu zion bere ideiari, eta bertso politak entzun ziren. Puntu erantzunak azkarrak eta landuak izan ziren. MC Serapioren rap-a egiteko, gai-jartzaile taldeak proposaturiko hitzak ez ziren bat ere errazak izan. Horrela, bertsolariek panazea, zefalea, estreptokoko, barroko eta gizarte-segurantza bezalako hitzekin bertsoa osatu behar izan zuten. Bigarren kanporaketan egokitutako bakarkako bertsoentzako hitzak, bertso barregarriagoak egiteko beta ematen zuten, eta bertsolariek ez zuten alferrik galdu aukera.

Lan puntuagarriak bukatuta, publikoaren txanda heldu zen. Paper zati bana eman eta han zuten minutu batez bazen ere, epaile sentitzeko aukera. Bakoitzak saioan gehien gustatu zitzaizkion bi bertsolarien izenak jarri behar zituen. Puntuazioa oso berdinduta egon bazen ere, publikoak Unai Anda eta Aitor Ugarteri eman zien finalerako txartela.

Sariketaren jarraipenerako kontsultatu bertsozaleko webgunean edo halabedi.eus. Hala ere, mierdarik onena gure twitterrean izango duzue, @bertxoko. Aupa zuok! Superraaaaaaak zaaarieeeee!