Araba

Espejon elkartu dira Arabako eskualde ezberdinetako haur eta gaztetxoak udaberria bertsozaletzeko.

2025/05/15
Aiaraldeko, Lautadako eta Gorbeialdeko haur eta gaztetxoek Espejon egin zuten egonaldia Pazko Asteko oporraldian.

Aste Santuan Arabako Bertsozale Elkarteak, tokiko Udal eta Kuadrillekin elkarlanean antolatzen dituzten bertso-barnetegiek hiru kuadrillatako haur eta gaztetxoak bildu zituen Espejoko Aterpetxean. Bi txandatan banatu ziren. Lehendabiziko txandan, apirilaren 22tik 24ra, hiru eskualdeetako 10-13 urte arteko 58 haur elkartu ziren egun batzuk lagun artean bertso jolas artean pasatzera. Bigarren txandarako eskualde berdinetako 30 gaztetxo batu ziren Espejoko aterpetxean, apirilaren 24tik 26ra bitartean, jolas ezberdinen artean ondo pasatzeko asmotan.

Eguraldiak lagunduta, ekintzetan gozatzeko eta lagun berriekin harremantzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Espejoko herria eta bere inguruak ezagutzeko tarteak ere izan zituzten, Baronatarren dorretxera egindako txangoa kasu. Jolas giroa izan zen nagusi, errekako txapuzoiak eta Arabako bertsolariak ezagutu eta kantuan entzuteko aukera izan zuten azken gaubelan. Lehen txandan Gari Arexolaleibaren bertsolari aramaioarraren bisita jaso zuten, bgarren txandan berriz, Samu Rodriguez gasteiztarra izan zen bertsolari gonbidatua. Biek barnetegian begirale eta bertsolari diren bina kiderekin aritu ziren kantuan haurrek aurrez prestatutako gaiekin eta haurrek ere erakutsi zuten bertsotarako beraien gaitasuna.  

Urtero bezala, udaberriko oporraldian, maleta prestatu, autobusean igo, geltokiz-geltoki eskualdeko herrietatik gaztetxoak jaso eta bertso barnetegia bizitzeko gogoz heldu ziren Espejora 90 bat gaztetxo inguru. Lagun berriak egin edo iazkoak bertopatu, euskara eta bertsoarekin jolastu eta hiru egun zoragarriz gozatzeko parada izan zuten gaztetxo arabar hauek.

Jarrai dezala bertsoak Arabako txoko ezberdinetan gozarazten eta gozatuarazten! Horrelakoak izan daitezela aste santuetako oporraldi guztiak!