Araba

Sei finalistak larunbaterako prest

2013/03/14
Gasteizko Printzipal Antzokian izango da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala. Arratsaldeko 17:30ean beraien onena ematera igoko dira oholtzara Manex Agirre, Asier Otamendi, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Ruben Sanchez eta Jagoba Apaolaza.
SEI FINALISTAK BANAN BANA

MANEX AGIRRE
• Jaioterria. Aramaio, 1982. urtea.
• Finalak. Indarrean dagoen txapelduna (2011).

«Lekuagatik eta finalak dituen berezitasunengatik berezia izaten da beti. Berezia izateak ez du sekulako finala bermatzen, eta guk dena eman behar dugu gure partea egiteko»

 


ASIER OTAMENDI
• Jaioterria. Urretxu (Gipuzkoa), 1971. urtea.
• Finalak. Bederatzi txapel ditu 1997tik.

« Aurtengoa nire hemezortzigarren finala izango da, eta, agian, ilusio puntu hori falta zait. Aurten sei estilo ezberdin egongo dira taulan, eta horrek kolorea eta aberastasuna emango dio»

 


OIHANE PEREA
• Jaioterria. Gasteiz, 1977. urtea.
• Finalak. 2007ko eta 2009ko txapelduna.

« Hogei urte bertsotan daramatzat, eta ohore bat da finalean berriz kantatzeko aukera izatea. Bizitzako hainbat etapatan gauden bertsolariak izango gara finalean, eta hori aberasgarria da»

 

IÑAKI VIÑASPRE
• Jaioterria. Abetxuku, 1984. urtea.
• Finalak. 2004tik aurrera final guztietan egon da.

« Aurtengo finala berezia da. Ruben eta Jagoba finalean ikusteaz gain, gogo berezi batekin noa finalera. Aurten dena ematera joango naiz, beti bezala, baina espero dut emaitza hobeak lortzea».

 

RUBEN SANCHEZ
• Jaioterria. Gasteiz, 1975. urtea.
• Finalak. Duela hamar urte ez zegoela finalean.

« Jarri dudan lehen erronka oso erraza izango da betetzen: azken finala baino hobeto egitea. Bigarren erronka, berriz, bertsolari jokatzea da; txapelketari eta lagunei zor diedan zerbait da»

 

JAGOBA APAOLAZA
• Jaioterria. Gasteiz, 1989. urtea.
• Finalak. Lehen finala izango du larunbatekoa.

«Finalerdietan sartzea ere sorpresa izan zen niretzat; hortaz, pentsa zer den finalean egotea. Gustura geratzea espero dut, ondo kantatzea; hortik aurrera, gertatzen dena gerta dadila»

Finalistak finalaren aurkezpen prentsaurrekoan