Mendialdeko bertso eskolak diskoa aurkeztuko du larunbat honetan

2017/06/05
Eskualdeko herrigintzako hainbat taldek parte hartu du. Azken urtetan egitasmo ezberdinetarako sortutako bertso musikatuak disko batean bildu dute. Kanpezun aurkeztuko dute larunbat honetan, diskoan agertzen diren hainbat kantu zuzenean jotzen.

Mendialdeko bertso eskolak ekainaren 10ean, 19:00etan, Kanpezuko kultur etxean "Mendialdeko bertso zortea" diskoaren aurkezpena egingo du.

Zortearen bidez, etxerako egurra biltzen da, basoak garbitu eta berritzen dira, etxea berotzen da, suaren inguruan bildu eta berotu... Disko honetan beraz, modu batera edo bestera bildu nahi izan dute mendeetan zehar Mendialdean hain ohikoak izan diren ekimenak eta bertsoekin uztartu. "Mendialdeko bertso zortea" diskoa auzolanean eraiki dute, beraz, lagun askoren denbora, eskarmentu, pazientzia eta ilusioz, guztion artean adostu eta mamituz, hainbat bertso sorta aitzakiatzat hartu eta Mendialdeko euskaltzale eta musikariak eskuz esku elkarrekin jarriz, plazaratu arte.

2017 06 10 mendialdeko bertso eskolaren diskoa 2

Grabaketak Kanpezuko The Ashes eta Anarkosis-en lokalean egin dituzte, Aitzol Garcia de Aziluren eskutik eta muntaketa eta masterra berriz Aitzol eta Iker Sagastuik eginak dira. Diseinu eta maketazioa Leire Iparragirrek egina da.

Diskoan parte hartu duten kolektiboak hauexek: Mendialdeko Bertso eskola, Maeztuko Amezti euskara taldea, Kanpezuko XVII.mendea kultur elkartea, AEK ko ikasleak (Lagran, Maeztu eta Kanpezu), Lamingorriak emakume taldea, Kanpezuko institutoko DBHko ikasleak, Korresko herritarrak, Kanpezuko Gazte Asanblada, The Ashes musika taldea, Mendialdeko gaitero, txistulari eta musikariak. Arabako Foru Aldundiak eta Mendialdeko Kuadrillak diruz lagundu dute.

2017 06 10 mendialdeko bertso eskolaren diskoa 42017 06 10 mendialdeko bertso eskolaren diskoa 12017 06 10 mendialdeko bertso eskolaren diskoa 3