Maddi Agirrek irabazi du Arabako Eskolarteko txapela

2023/05/20
Arabako gazte belaunaldia haziz doa, indartsu datoz gaztetxoak.

Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak 28. edizio izan du gaurkoan Aramaioko Kultur Etxean, Maddi Agirre izan da berriz ere garaile.

Larunbatez jokatu da 14-18 urte bitarteko Arabako Eskolarteko Txapelketa Aramaion. Kultur Etxeko aretoa beteta giro bikainean joan da iluntzea. Maila oneko bertsoak entzuteko parada izan dute bertaratutako haur, gazte eta zein helduek.

Arratsaldeko 19:30ean hasi dira sei finalista gazteak kantuan: Maddi Agirre, Iraide Onaindia, Sanin Abarrategi, Eukene De los Airea, Gari Arexolaleiba eta Hegoi  Amabizka. Agurrekin motorrak berotuta maila ederra erakutsi dute sei bertsolariek. Honako lan hauek egin behar izan dituzte: zortziko handia, zortziko txikia, puntuari erantzuna eta hitza gaitzat hartuta bakarka. Maddi Agirre egin da aurtengoan ere txapelaren jabe, hirugarrenez txapeldun izan da. Beraz, txapeldunek eskuz esku pasa ohi duten egurrezko mikrofonoak beste urtebete egingo du Agirreren etxean. 

Ekainaren 3an Iurretan burutuko den Euskal Herriko Eskolartekoan Maddi Agirrez gain, Sabin Abarrategi aramaioarra ere arituko da Arabako ordezkari gisa. 

Urtez urte eta edizioz edizioz edertzen doan txapelketa da gurea. Jarraitu dezagun lanean, bertsoz bertso Araba kantuz bustitzen!

Hemen txapeldunaren agurra:

Eskerrik asko Aramaio
guzti honen erruduna
muxu haundi bat Eukene
nire betiko laguna
Sabin, Hegoi, Gari, Iraide
a ze nolako jarduna
familiari, harriak
bihurtzeagatik luma
nahiz ez egon aizparentzat
doa nire maitasuna
zuek juerga on bat bota
alai amaitu eguna (bis)
esku honetan baitago
Arabako etorkizuna

FINALEKO ARGAZKIAK IKUSGAI