Araba

Larunbatean jokatuko da Arabako bertsolari gaztetxoen Eskolarteko finala

2022/05/17
Azken bi asteetan 3 kanporaketa jokatu dira Kanpezu, Aramaio eta Gasteizen eta zortzi bertsolari gaztetxo izango dira finala jokatuko dutenak.

Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak 27 edizio betetzen ditu aurtengoan. 18 gaztetxo aritu dira kantuan hiru kanporaketetan, Kanpezu, Aramaio eta Gasteizen hain zuzen ere. 

Kanpezuko aretoa bertsozalez gainezka egon zen eskolartekoko kanporaketaz gozatzeko. Ia berrogei ikus-entzule inguru hurbildu ziren gaztetxoen bertsoak entzuteko asmoz. Mikrofonoen aurrean 6 bertsolari zeuden deituak Oihane Perearen aginduetara jartzeko, baina bertsoaren magia saioa hasi aurretik gertatu zen, seikotera zazpigarren bat animatu zen azken unean, Bari Ouahzizi. Saio alaia eta dibertigarria izan zen, aretoa beterik egoteak berotasuna eta babesa eman zien bertsolariei. Hegoi Amabizka eta Samuel Rodriguez nabarmendu ziren gehien saioan zehar.

Aramaioko udaletxeko pleno aretoak itxura polita izan zuen maiatzaren 6an buruturiko Eskolarteko topaketan. 30 lagun inguru batu ziren bertan, 5 bertsolari gaztek eskaintzeko zeukatenaz gozatu asmoz. Herriko lau bertsolari entzuteko aukera izan zen Ane Arexolaleiba, Iraide Onaindia, Txomin Abarrategi eta Gari Arexolaleiba eta beraiekin batera ohorezko gonbidatu bat, Maddi Agirre. Bakoitzaren eskaeretara egokitutako ariketak egin zituzten bertsolariek eta hasieran urduritasunak haietako batzuk kinka larrian jarri zituen arren, amaiarerara gerturatu ahala saioa berotzen joan zen. Nabarmentzekoa da batzuek lehenengo aldiz zapaldu zutela oholtza eta hori beti da albiste ona. Saioari dagokionez, bi bertsolari izango ditugu eskolartekoko finalean maiatzaren 21ean, Maddi Agirre eta Gari Arexolaleiba.

Eskolarteko hirugarren saioa Aldabe Gizarte Etxeko antzoki dotorean izan zen eta Aramaio eta Gasteizko bertso eskolen arteko topaketa polita izan zen. Hasierako nerbioak berehala eraman zituzten bertso doinu gozoek airean eta ale ederrak txalotzeko aukera izan zuten bertara gerturatutako senide eta lagunek.  

Bertsolariek saioa gozatu eta maiatzak 21ean Federiko Garcia Lorca antzokian, lakuan kantatuko duten 8 finalisten izenak erabaki ziren: Aramaioko Danel Herrarte, Sabin Abarrategi eta Gari Arexolaleiba eta Gasteizko Samuel Rodriguez, Irati Martinez, Eukene de los Aires, Maddi Agirre eta Hegoi Amabizka. 12.00etan hasiko da saioa eta bertan erabakiko dira  XVII.edizio honetsko txapeldun eta txapeldunordea, Euskal Herriko eskolarteko txapelketako finalean ekainaren 18an kantatuko duten Arabako ordezkariak.