Araba

Jonpik eta Aroak lortu dute Bertxoko sariketako finalerako txartela

2018/11/12
Ostiralean Zalduondoko Zeledon Toki Elkartean jokaturiko lehenengo kanporaketako irabazleak Jon Ruiz de Pinedo eta Aroa Arrizubieta izan ziren.

Pikoteorako erosketak egin, Amaiako bertso basetik pasa eta Zalduondora joan zen Bertxokotarren fauna. Sua piztu, sukaldatu, ekipoa montatu eta han joan zen gutxinaka-gutxinaka jendea hurbiltzen Elkartera. 30 pertsonek izena eman bazuten ere, azkenean 45 bat inguru elkartu ziren suaren inguruan antolaturiko pikoteo goxora. Tripak bete eta eztarria ardoz busti eta gero, saioari ekin zioten bertsolariek.


Lehen kanporaketan Jon Ruiz de Pinedo, Aitor Najera, Beñat Cano eta Aroa Arrizubieta aritu ziren Egoitz Iradier gai-emailearen esanetara. Bertsolariek egin beharreko lan puntuagarriak hasierako agur berezia, 3na bertso 8ko handian, 3na bertso 8ko txikian, bi punturi erantzun, bakarka hitza emanda bertso bat eta nola ez, MC Serapioren rap-a!


Hasierako agur berezietan denetarik ikusteko aukera egon zen, salseoa, bertsofrikismoa, mozorroak… Ofizioetan ere sasoiko aritu ziren bertsolariak. Puntu erantzunetan ideia politak entzun ziren, eta hitzak seriotasunetik hartu zituzten batez ere. Publikoak gehien disfrutatu zuen ariketa ordea, MC Serapioren rapa izan zen. Argi geratu zen, bertsolaritzak ere estilo asko izan ditzakeela.


Lan puntuagarriekin bukatuta, ikusleen txanda izan zen. Ikusleak izan ziren epaileak eta beraz haiek erabaki zuten azaroaren 29an, Hala Bedi tabernan ospatuko den finalera ze bi bertsolari sailkatuko ziren. Publikoaren esanetan, Aroa eta Jonpi izan ziren trebeenak Bertxokotarrek proposaturiko ariketak osatzen, eta finalean hauek ikusteko aukera izango dugu.

Sariketaren jarraipenerako kontsultatu bertsozaleko webgunean edo halabedi.eus. Hala ere, mierdarik onena gure twitterrean izango duzue, @bertxoko. Aupa zuok! Superraaaaaaak zaaarieeeee!