Araba

Jendetza bildu da Arabako bideo-kopla lehiaketaren finalean

2023/12/04
Oihana Iguaran, Unai Anda, Oihane Perea, Aroa Arrizubieta eta Irati Andaren bertsoekin eta sarien banaketarekin borobildu dute Arabako Bideo-kopla Lehiaketaren IV. edizioa.

Arabako Bertsozale Elkarteak eta ALEAk elkarlanean —Gasteizko Udala, Laboral Kutxa, BAHK eta Elkar erakundeen babesarekin— antolatutako Bideo-kopla Lehiaketaren laugarren edizioaren azken txanpa amaitu da.

Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan Gasteizko Udalak sustatutako Euskararen Astearen barruan, Salburua gizarte etxeko aretoak sari banaketa eta bertso saio paregabea hartu ditu igande honetan, Oihana Iguaran, Unai Anda, Oihane Perea, Aroa Arrizubieta eta Irati Anda bertsolarien eskutik. Beraiekin izan dira Uxue Diaz de Zerio —gai jartzaile gisa—, Nahiara Eizagirre eta Aintzira Gorosabel —musika eta laguntza eskaintzeko—. Bertso saio osoaren bideoa datozen egunetan izango da ikusgai ALEAren webgunean.

Ordubete inguruko bertso saioa entzuteaz eta saritutako bideo-koplak ikus-entzuteaz gain, talde irabazleek zegozkien sariak jaso dituzte:

  • Publikoaren lehen saria (3.624 boto): Aldaialde 5A. Elkarren material sorta taldearentzat.
  • Epaimahaiaren sariak:
    • Elkar taldearen material sorta:
      • Arantzabela 5A
      • Sansomendi
      • Laudio 5B
      • Mendialdea LH5
      • Araia 5
      • Landazuri 5
    • Lautada Puzle Room ihes-gelan esperientzia bat, Laboral Kutxaren eskutik:
      • Bertxilika DBH1
    • Bakh-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia bat:
      • Bastida 6
      • Bertxilika LH4
      • Aldaialde 5A
      • Murgia LH6

Azken asteetan "Bertso Olinpiadak" gaiaren inguruan sortutako bideo guztiak ikusgai dira ALEA.eus webguneko atal berezian. Araba osoko 2.000 umek baino gehiagok parte hartu dute aurtengo bideo kopla lehiaketan, eta, orotara, 107 bideo-kopla aurkeztu dituzte laugarren edizio honetara. Gainera, herritarrek milaka eta milaka boto eman dituzte.

ARGAZKI GALERIA