Heldu zitzaigun azaroaren 29a ere

2018/12/05
Heldu zitzaigun azaroaren 29a ere, eta berarekin batera ikusleen artean hain entzutetsua den sariketa handiaren finala.

Ez duzue oraindik asmatu? Ez nabil hizketan ez Bizkaiko bertsolari txapelketaz, ezta Xilabako taldekako finalaz ere, Bertxoko irratsaioak antolatutako sariketaren finalaz nabil hizketan.

Honako sei bertsolariak aritu ziren sariketa irabazteko lehian: Jon Ruiz de Pinedo, Martin Abarrategi, Aitor Ugarte, Xabi Antia, Aroa Arrizubieta eta Unai Anda.

Bikain burutu zituzten sei bertsolariek egin beharreko ariketak, nahiz eta finalerdietan izan zuten moduko luntxik ez genien jarri Hala bedi tabernan, eztarria majo freskatuta joan ziren etxera sei bertsolariak, hori edan beharra hori!

Arratsaldeko 20:00ak inguruan eman zitzaion hasiera finalari, eta ordu eta erdi inguru iraun zuen, nahiko laburra egin zitzaien Hala Bedi taberna leporaino bete zuten gure ikusle fidelei. Saioak beti egiten duen moduan, MC Serapio imitatu beharreko ariketan jo zuen goia. Bertsolariek izugarri ongi asmatu zuten benetako raperoen paperean sartzen, mozorratuta irten ziren mikro aurrera, egiazko "Eminem" edo "Kase O" ematen zuten gure sei protagonistek.

Zortziko handiko ofizioa, zortziko txikiko ofizioa eta MC Serapioren rapa bikain burutu ondoren bi bertsolarik eman zuten azken buruz-burukorako saltoa. Gure epaile bikain prestatuek, hau da, bertsolarien antzera saio guztia zurrutean eman zutenek aukeratu zituzten sariketa irabazteko lehian jardungo zuten bertsolariak. Hauek Aitor Ugarte eta Aroa Arrizubieta aukeratu zituzten, beraien saio gogoangarria azpimarratuz. Buruz-buruko estu baten ondoren, ia- ia “dona dona katona” eginaz hautatu behar izan zuten epaileek nor zen garailea, baina zerbezaren azken tragoak argia piztu, eta Aroa Arrizubieta eman zuten txapelduntzat,
ikusleen txalo zaparrada artean.

Plazer bat beste urte batez hainbeste jende ikusi izana sariketak izan dituen saio ezberdinetan, zuek gabe ez ginateke eta ezer izango. Hurrengo urtean elkartuko gara berriz barraren ertzen batean.

Eskerrikasko gerturatu zineten, bertxokotar, bertxokozale eta ostegunzale guztioi!

Sariketaren jarraipenerako kontsultatu bertsozaleko webgunean edo halabedi.eus. Hala ere, mierdarik onena gure twitterrean izango duzue, @bertxoko. Aupa zuok! Superraaaaaaak zaaarieeeee!