Araba

Eli Zaldua eta Samu Rodriguezek osatutako bikotea izan da Bertxoko sariketako irabazlea

2024/02/01
Hala Bedi irratiko Bertxoko irratsaioak antolatutako sariketak baditu irabazleak: Eli Zaldua eta Samu Rodriguez. Aurreko ostiralean jokatutako final handian atera ziren irabazle publikoen botoen gehiengoa eskuratuta.

Bertxoko irratsaioak euren 20.urteurrena ospatzen jarraitzen du Hala Bedi irratian
sortu zenetik eta pandemian ostean sariketa martxan jartzea kostatu arren baditu
aurtengo irabazleak. Final handia aurreko ostiral iluntzean jokatu zen Hala Bedi
irrati ondoko lokalean. Antolatzaileek lokala argi ilun eta apainketa bereziekin atondu
zuten, espazio gozo eta beroa sortzeko asmoz. Entzule pila bat gerturatu ziren zitara
eta lokala txiki geratu bazen ere giro paregabea sortzea lortu zuten bertsolariek.

Hasieran, Hala Bedi irratiko Babazorra irratsaioko neskak atera ziren euren
“show”-a eta aurkezpena egitera eta Irati Martinez gai-jartzailearen laguntzaz
bertsolariak agurtu zituzten: Paula Amilburu-Ane Arexolaleiba, Maddi Agirre-Aitor
Najera eta Eli Zaldua-Samu Rodriguez bikoteak. Bertsolariek agur berezi eta
musikatuekin eman zioten hasiera saioari eta kanporaketetan baino ariketa gehiagori
aurre egin behar izan zieten: 8ko handia, 8ko txikia, puntu erantzunak... Serapioren
rapa edo Sandwich mixto ariketek ere ez zuten hutsik egin, entzuleek barre
gehien bertan egin zituzten. Horren ostean, egoera bati aurre egin behar izan
zioten bikoteek “kartzela” ariketan eta banaka sartzen eta abesten joan ziren.
Azkenik, koplaka eta puntuka egin zuten librean bozketaren unea heldu arte.

Aurreko kanporaketetan bezala entzuleak bihurtu ziren epaile eta papertxoetan
irabazleen izenak idatzita Eli Zaldua eta Samu Rodriguezi garaipena ematea erabaki
zuten. Entzuleek eta bertsolariek pozik eta lagunartean ospatu zuten garaipena
Bertxokotarrek prestaturiko pikoteo goxo batekin. Beraz, lau saio jendetsu eta
“ganberroen” ostean amaitutzat eman daiteke Bertxoko Sariketa baina seguru
hurrengo urtean ere bueltan izango dugula.

EGIN HEMEN BERTXOKO SARIKETAREN JARRAIPENA