Araba

Bost bertsolari eta bi musikari izango dira bideo-kopla lehiaketaren sari banaketan

2023/11/15
Abenduaren 3an, Oihana Iguaran, Unai Anda, Oihane Perea, Aroa Arrizubieta eta Irati Andaren bertso saioarekin eta sari banaketarekin amaituko da Arabako 2023ko bideo-kopla lehiaketa. Bideoak bidaltzeko epea azaroaren 15ean amaituko da.

Azken txanpa iritsi zaio Arabako bideo-kopla lehiaketaren hirugarren edizioari. Bozketa fasea irekiko da laster, eta "Gure Herria" gaiaren inguruan sortutako bideo guztiak ikusgai izango dira egun batzuk barru ALEA.eus webguneko atal berezian

Bitartean, Gasteizko Udalak sustatutako eta ELKAR, BAKH eta Laboral Kutxak babestutako Euskararen Astearen barruan, Arabako Bertsozale Elkarteak eta ALEAk elkarlanean antolatutako lehiaketaren amaiera galaren berri emateko ordua iritsi da. Iazko edizio arrakastatsuan bezala, ekitaldian irabazleen bertsoak ikusi eta sariak banatzeaz gain, bertso saio paregabe batekin amaituko da aurtengo lehiaketa.

Abenduaren 3an, igandean, 12:00etatik aurrera, Oihana Iguaran, Unai Anda, Oihane Perea, Aroa Arrizubieta eta Irati Anda izango dira Salburua gizarte etxean, sari banaketaren aurretik publikoa gozarazteko. Beraiekin izango dira Uxue Diaz de Zerio —gai jartzaile gisa—, Nahiara Eizagirre eta Aintzira Gorosabel —musika eta laguntza eskaintzeko—.

Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak doakoak dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira, saioaren eguneko 11:00ak baino lehen. Saioaren egunean sarrerarik geldituko balitz, 11:40ean zabalduko da txarteldegia, aretoko ateak irekitzearekin batera.

LORTU ZURE GONBIDAPENAK!

Irabazleak eta sariak

Jasotako lan guztien artean, hiru sari banatuko dira: alde batetik, publikoak erabakiko du bideo-kopla onenaren saria; horrekin batera, ALEAko eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dute.

Beraz, sarituak ugari izango dira, eta askotariko sariak izango dituzte eskuragarri:

  • Laboral Kutxaren eskutik, taldean gozatzeko Lautadan Eskape Room bat.
  • BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia talde irabazle bakoitzarentzat.
  • ELKAR-en material sortak irabazleentzat eta taldearentzat.

2022ko bideo-kopla lehiaketaren sari banaketako bertso saioa. / ALEA