Araba

Lau bertsolari arabar izango dira ALEA bideo-kopla lehiaketaren sari banaketan

2025/11/24
Abenduaren 14an Zabalganako gizarte etxean, Aroa Arrizubieta, Eli Zaldua, Irati Anda eta Peru Abarrategiren bertso saioarekin eta sari banaketarekin amaituko da Arabako 2025eko bideo-kopla lehiaketa.

Azken txanpa iritsi zaio Arabako bideo-kopla lehiaketaren bosgarren edizioari. Bozketa fasea irekiko da laster, eta "Gure herriko xelebrekeriak" gaiaren inguruan sortutako bideo guztiak ikusgai izango dira egun batzuk barru ALEA.eus webguneko atal berezian

Bitartean, Gasteizko Udalak sustatutako eta Elkar, BAKH, Hontza Extrem eta Laboral Kutxak babestutako Euskararen astearen barruan, Arabako Bertsozale Elkarteak eta ALEAk elkarlanean antolatutako lehiaketaren amaiera galaren berri emateko ordua iritsi da. Iazko edizio arrakastatsuan bezala, ekitaldian irabazleen bertsoak ikusi eta sariak banatzeaz gain, bertso saio paregabe batekin amaituko da aurtengo lehiaketa.

Abenduaren 14an, igandean, 12:00etatik aurrera Zabalganako gizarte etxean, Aroa Arrizubieta, Eli Zaldua, Irati Anda eta Peru Abarrategi izango dira, sari banaketaren aurretik bertsotan. Beraiekin izango dira Markel Yoller —gai jartzaile gisa—, Aintzira Gorosabel (kitarra) eta Aner Peritz (teklatua) ere.

Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak doakoak dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira, saioaren eguneko 11:00ak baino lehen. Saioaren egunean sarrerarik geldituko balitz, 11:45ean zabalduko da txarteldegia, aretoko ateak irekitzearekin batera.

Irabazleak eta sariak

Jasotako lan guztien artean, lau sari banatuko dira: alde batetik, publikoak erabakiko du bideo-kopla onenaren saria; horrekin batera, ALEAko eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dute.

Beraz, sarituak ugari izango dira, eta askotariko sariak izango dituzte eskuragarri:

  • Laboral Kutxaren eskutik, taldean gozatzeko Lautadan Eskape Room bat.
  • BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia talde irabazle bakoitzarentzat.
  • ELKAR-en material sortak irabazleentzat eta taldearentzat.
  • HONTZA EXTREM abentura parkean taldean gozatzeko esperientzia.

2024ko bideo-kopla lehiaketaren sari banaketako bertso saioa. / ALEA