Araba

BERTXORATU GUREKIN! zatoz bertso-eskolara

2020/09/29
Abian da Arabako bertso-eskoletan izena emateko kanpaina. Izen ematea ONLINE izango da eta urriaren 12a baino lehen egin beharko da.

Konfinamenduan, etxetik online bertsotan eginda amaitu zuten ikasturtea herrialdeko bertso-eskolek. Horietako askok ez zuten klase egun bakar bat ere galdu nahi izan.

Ikasturte berriaren hasiera berezi honetan Arabako haur, heldu eta gazte ugari gogotsu daude lagun artean euskaraz sortuz gozatzen jarraitzeko. Beharrezko segurtasun neurriak hartuz, baino elkarrekin eta ahal delarik aurrez aurre.

Arabako 11 herritan dago une honetan bertso-eskola, adin tarte guztietako taldeak martxan daudelarik. Guztira 150 ikasle baino gehiagok  parte hartzen dute urtero. Jendaurrean aritzen, paniko eszenikoa gainditzen, ideiak modu eraginkorrean antolatu eta azkartasunez inprobisatzen ere ikasten da bertso-eskolan. Kantu inprobisatuaren bidez gero bizitzako arlo askotan baliatu ahal izango dituzten hainbat trebetasun sozial eta pertsonal eskuratzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek.  

Eskaintza gehienek beren parekoa dute gazteleraz eta zaila da euskararentzat esparruak irabaztea egoera honetan. Are gehiago euskararentzat hain gogorra izan den urte honetan. Baina bertsoa euskaratik dator eta euskaraz da soilik, horrek oso berezi egiten du. 

Bertso-eskola euskara informal, lagun arteko eta naturalago batenganako zuzeneko zubia izan daiteke. Zuzeneko eragina du ikasleen euskararen jarrera, erabilera eta kalitatearen hobekuntzan. Baino batez ere lagun artean gozatzeko lekua da.

Aurtengo kanpainako kartelak Eñaut Aiartzaguenaren sinadura dauka, eta ederki adierazten du Arabako bertso-eskoletako ikasle eta irakasleen kanturako gogoa eta bizipoza. 

Informazio gehiago nahi duenak Arabako Bertsozale Elkartera deitu  945010505 edo emaila idatzi araba@bertsozale.eus helbidera.  Izena ematea inoiz baino errezago izango da, hementxe klik eginda ONLINE formularioa bete urriaren 12 baino lehen eta Elkartea zuekin harremanetan jarriko da taldeak osatzeko.