Bertxoko Sariketa Iekoran hasiko da

2017/10/30
Halabedi irratiarekin batera antolatuta bueltan dator 2017ko Bertxoko Sariketa. Zortzi bertsolari gazte arituko dira. Hauek bertso kide bana bilatu behar izan dute bikote bat osatzeko. Lau kanporaketak eta finala azaroan jokatuko dira.

2002an Arabako Bertsozale Elkarteak eta Gasteizko Bagare Kultur Elkarteak bertsolari gazteak plazaratzeko Bertsotan BAGARE Sariketa martxan ipini zuten. Bost urtetan zehar sariketaren finalaren jokalekua Gasteizko Bagare elkarte ezaguna izan zen. 2007an Gasteizko Bagare elkartea desagertu ondoren Bagare Sariketa BERTXOKO Sariketa bihurtu zen, Hala Bedi irrati libreko bertsolaritzaren inguruko irratsaioaren izen berbera.

Beraz, Arabako Bertsozale Elkartea eta Hala Bedi Irratiaren arteko lankidetzari esker martxan ipini zen 2007an. 2013.urtera arte urtero jokatu zen Bertxoko sariketa.

Hiru urteko eten baten ondoren, 2017an, berriro dator Bertxoko sariketa, helburu berberarekin; bertsolari gazteak plazaratzeko asmoz. Azaroan, 5 ostiraletan jokatuko da, Arabako 4 herritan eta Gasteizen. Saio bakoitzean bi bikote arituko dira, merienda pikoteo edo afari baten ostean, elkarte edo taberna batean, zutik kantatuko dute bertsolariek.

8 bertsolari gaztek parte hartuko dute, baina bikoteka, aritua den beste bertsolari batekin, 8 bertsolari gazte horiek bilatu dute beren bikotea, beraz, 16 bertsolari.

Bertsolaria

Bikote soka laguna

Aitor Najera (Zalduondo) -

Jon Ruiz de Pinedo

Aitor Ugarte (Aramaio) -

Xabi Igoa

Aroa Arrizubieta (Gasteiz) -

Oier Arbina

Markel Yoller (Zalduondo) -

Iker Pastor

Xabier Antia (Gasteiz) -

Iñaki Viñaspre

Unai Anda (Murgia) -

Paula Amilburu

Martin Abarrategi (Aramaio) -

Peru Abarrategi

Asier Rubio (Luiaondo) -

Manex Agirre

Entzuleek epaituko dituzte saio bakoitzeko bi bertsolariak eta entzuleen arabera saio bakoitzean hoberen aritu den bertsolaria kantatuko du finalean, beraz, 4 bertsolari arituko dira finalean, bikoterik gabe.

Sariketaren jarraipena egin ahal izango da web gune honen atal honetatik:
https://www.bertsozale.eus/eu/araba/proiektuak/bertxoko-sariketa-2017

bertxoko sariketa 2017