Araba

Bertso abenturan murgilduta pasa dute oporraldia

2023/04/25
Laudatako, Gorbeialdeko eta Aiaraldeko gaztetxoek Espejoko aterpetxean burututako bertso barnetegian igaro dituzte egun batzuk.

Aste Santuko ”bertso-abenturan” murgildu dira aurten ere Gorbeialdeko, Lautadako eta Aiaraldeko herri ezberdinetako gaztetxoak. Oporrak aprobetxatuz,  barnetegia antolatu zuen Arabako Bertsozale Elkarteak, eskualdeetako Udalekin eta Kuadrillekin elkarlanean.

Apirilaren 11tik 13ra bitartean Gorbeialdeko eta Lautadako gaztetxoek alaitasunez eta bertsoz bete zituzen Espejo herriko aterpetxea eta inguruko paraje ederrak, Aiaraldekoek 13tik 15era. Urtero bezala, Aste Santuan maleta prestatu, autobusera igo, eskualdeko herrietatik ibilbidea egin eta gero eta bertso-barnetegia bizitzeko gogoz iritsi ziren Espejora. Gehienak inguruko edo herriko lagunez inguratuta heldu baziren ere lagun berriak ezagutzeko aukera izan zuten.

  

Hiru egun hauetan zehar, elkar ezagutu eta Euskararekin jolasteko aukera izan zuten umeek. Bertsolaritzarekin lotutako jolas eta ekintzekin gozatu ederra hartu zuten gaztetxoek eta bertso saio batean parte hartzeko ausardia ere erakutsi zuten. Aparteko jolas eta gaubelekin bikain pasatu zuten guztiek ere. 

Lehen egunean bertan, motxila egin eta Baronatarren gazteluraino abiatu zen taldea; bidean lagun berriak egin eta bertan Pirata eta Merkanteen jolasa egiteko. Gaubelan ederki ezkutatu ziren gure gaztetxoak aterpetxean zehar “zurrupalurra” jolasean, begirale taldeak ezin izan zituen guztiak topatu ekintza irabazteko. Bigarren egunean, ordea, euriaren bisita jaso genuen egun osoan zehar baina guztion jarrera bikainari esker primeran pasatzeko aukera izan zuten. Goizean, begiraleen bila ibili ziren taldeka proba ezberdinak gaindituz eta amaieran Peru Abarrategi begirale eta txapeldunaren bertso bat abestu behar izan zuten. Frontoian mugitzeko jolasak egin eta arratsaldean lasaitasuna nagusitu zen. Aterpetxean ondo erantzun zioten ”musika kutxa” jolasean begiraleek prestatutako proba ezberdinei eta gauean Arabako bi bertsolarien bisita jaso zuten: Maddi Agirre eta Xabi Antia lehen barnetegian eta Eukene De los Aires eta Iñaki Viñaspre bigarrenean.

 

Gaueko bertso saioan gaztexoek prestatutako gaiei primeran erantzun zieten bi bertsolariek eta abesten zuten bitartean “jogurt-a” ahoan emateko aukera izan zuten, ohera joan aurretik.

Hurrengo goizean, nekea nabaritzen zen arren azkeneko jolasekin agurtu zuten barnetegia. Hiru egunen bueltan Espejoko herriari agur esateko unea. Azken besarkadak eta azken muxuak emanda igo ziren autobusera etxerako bidea hartzeko, hurrengo urtean berriz ere bertso barnetegira itzultzeko ilusioarekin. Hurrengo urtera arte Espejo!