Maia Ortiz de Zaratek jantzi du 2026ko Arabako Eskolarteko bertsolari txapelketako txapela
Aramaioko Kultur Etxean jokatu da larunbatarekin 31.Arabako bertsolari gaztetxoen Eskolarteko finala. 14 eta 18 urte bitarteko sei finalista gazteak aritu dira kantuan: Anitz Abarrategi, Jokin Onaindia, June Astegieta, Oinatz Basabea, Urko Lafuente eta Maia Ortiz de Zarate Peru Abarrategiren aginduetara.
Zortziko handian bina bertso kantatu behar izan dituzte lehenik, kamerak jarri dituzten institutuko ikasleak, neba-arreben gurasoekiko erantzunak eta lagun minak ikastera nora joan izan dituzte hizpide. Zortziko txikiaren txanda izan da hurrena, hegazkin batean koarentenan elkar ezagutu duten ezezagunak izan dira, elkar gustoko duten talde bereko lagunak eta etxean bakarrik geratu diren anai-arreben ahotik kantatu dituzte ale ederrak. Bakarka puntuei azkar erantzun ostean, gaiari bertso bat botatzeko ordua izan da.
Mikel Fernandez de Arroiabe, Aitor Jimenez eta Oihane Pereak osatu duten epaimahai eta hauek emandako puntuaziaoren arabera, ekainaren 13an Arantzan jokatuko den Euskal Herriko eskolarteko finalean Maia Ortiz de Zarate eta June Astegieta arituko dira Arabako ordezkari gisa. Bertara hurbiltzera gonbidatu nahi ditugu Arabako bertsozale guztiak.
Unai Anda Arabako bertsolari txapeldun ordeak jantzi dio txapela Maiari eta urtero txapeldunez txapeldun ibiltzen den egurrezko mikrofonoa Eli Zalduaren eskutik jaso du.
Eskerrik asko Aramaioko Udalari, Ikastolen Elkarteari Eskolartekoa beste behin ere aurrera ateratzen laguntzeagatik eta zorionak Arabako bertso-eskolei astez-aste, urtez-urte egiten duten jardunagatik.
Jarraitu dezagun lanean, bertsoz bertso Araba kantuz bustitzen!
Hemen txapeldunaren agurra:
Ostiraleko denei bihotzez
milaka esker benetan
baina betoak nola darraien
aurten Gasteizko txosnetan
eta kamerak jartzen dabiltzan
guztion ikastetxetan
ikasleria isilik eta
hotza nahi duten honetan
lehen lerroan egongo gara
istitutu zein kaleetan