Jokin Onaindiak irabazi du Arabako bertsolari gaztetxoen Eskolartekoa
Aramaioko Kultur Etxean jokatu da larunbatarekin 30.Arabako bertsolari gaztetxoen Eskolarteko finala. 14 eta 18 urte bitarteko sei finalista gazteak aritu dira kantuan: Anitz Abarrategi, Garai Agirre, Jokin Onaindia, June Astegieta, Maia Ortiz de Zarate eta Urko Lafuente Peru Abarrategiren aginduetara.
Zortziko handian bina bertso kantatu behar izan dituzte lehenik, batxilergoko notak, zortzimilako mendietara espedizioak eta gurasoak izan dituzte hizpide. Zortziko txikiaren txanda izan da hurrena udalekutan, jatetxe exotikotan eta alaba-aita arteko elkarrizketetan murgilduta igaro dira umore ederrean. Bakarka puntuei azkar erantzun ostean, gaiari bertso bat botatzeko ordua izan da.
Ekaitz Samaniego, Endika Jimenez, Aitor Jimenez eta Egoitz Martinez de Albenizek osatu duten epaimahai eta hauek emandako puntuaziaoren arabera, ekainaren 14an Arantzan jokatuko den Euskal Herriko eskolarteko finalean Jokin Onaindia eta June Astegieta arituko dira Arabako ordezkari gisa. Bertara hurbiltzera gonbidatu nahi ditugu Arabako bertsozale guztiak.
Aroa Arrizubieta Arabako bertsolari txapeldunak jantzi dio txapela Jokini eta urtero txapeldunez txapeldun ibiltzen den egurrezko mikrofonoa ere jaso du haren eskutik.
Eskerrik asko Aramaioko Udalari, Ikastolen Elkarteari Eskolartekoa beste behin ere aurrera ateratzen laguntzeagatik eta zorionak Arabako bertso-eskolei astez-aste, urtez-urte egiten duten jardunagatik.
Jarraitu dezagun lanean, bertsoz bertso Araba kantuz bustitzen!
Hemen txapeldunaren agurra:
Zapatu arrratsalde honetan
ekintzau abesteari
ta urtez urtez nibela igo dala
hori bai dala nabari
kaixo esango diot gaurkoan
nik Euskal Herrikoari
mila esker eta muxu handi bat
etorri den jendeari