Arabatik Oriorako autobusa, Eskolarteko finala

2015/06/22
Euskal Herriko Eskolartekoan Peru Abarrategi eta Peru Amorrortu dira Arabako ordezkariak. Egun osorako festa ospatuko da larunbat honetan, Orion. Arabako Bertsozale Elkarteak autobusa jarriko du.

Euskal Herriko Eskolartekoak bere bidea egin du herrialde bakoitzean, eta hala aukeratu dituzte finalean arituko diren bina ordezkari.

Larunbat honetan, ekainak 27, Orion, Euskal Herriko Eskolarteko finalean Aramaioko Peru Abarrategik eta Gasteizko Peru Amorrortuk kantatuko dute. Lagunentzat eta nahi duenarentzat, elkarrekin ikustera joateko autobusa antolatu dugu. Geltokiak honako hauexek printzipioz beste herriren batek eskaerarik egiten ez badu…

8:30ean IPARRALDE GIZARTE ETXEAN (GASTEIZ)

9:00etan ARAMAION BUS GELTOKIAN 

Oriotik 18:30 inguru aterako gara 

Izena emateko araba.administrazioa@bertsozale.eus 

Hauexek kantatuko dute finalean:

Arabatik, Peru Abarrategi Sarrionaindia (1997, Aramaio) eta Peru Amorrortu Barrenetxea (2000, Gasteiz).

Bizkaitik, Txaber Altube Sarrionandia (1998, Abadiño) eta Lurdes Ondaro Mallea (1997, Munitibar).

Gipuzkoatik, Iñigo Ibañez Aramendi (1997, Azpeitia) eta Paul Iruretagoiena Rezola (1998, Ataun).

Lapurditik, Aitor Servier Etxexuri (1997, Azkaine) eta Nahia Sasco Etxeberri (1998, Lekuine).

Nafarroako ordezkaria Manex Mailharin Ortigosa izango da (1997, Berriozar), herrialdeko txapeldunari (Joanes Ilarregi Martzol) eta txapeldunordeari (Maddalen Lopez Tapia) ezin etorria suertatu zaienez.

Aurtengo edizioan ez da Xiberoako eta Baxenabarreko ordezkaririk izango.

Saioa Maialen Lujanbio Zugastik aurkeztuko du eta bukaeran, Sustrai Colina Akordarrementeriak jantziko dio txapela nagusitzen denari. Sari nagusia Gabonetako oporraldietan egingo den Negulekua izango da; Euskal Herriko finalista guztiek egonaldia dohainik izango dute.

Eskolarteko Txapelketaren helburuak, sorreratik, gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea eta adin horretako haur eta gaztetxoak entzulearen aulkitik zaletzea izan da. Bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea izan zen ekimen honen sorrerako sena.

11:00etan abiatuko da Eskolartekoaren finala frontoian, baina festak gerora ere izango du jarraipena. 14:00etan bazkaria eskainiko da plazan; 150 lagunentzat prestatuko da tokia eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin elkarlanean, produktu ekologikoak izango dira oinarri. Herri bazkarirako txartelak aurrez hartu behar dira, www.bertsosarrerak.eus atarian, ekainaren 19a baino lehen.

Bazkalostean, Maialen Lujanbio Zugasti eta Sustrai Colina Akordarrementeria plazako oholtzan arituko dira librean. Ondoren, Keshala eta Bi Bala musika taldeek joko dute.