Araba

Arabar gaztetxoek Hontza Xtremen eman diote irailari hasiera

2025/09/10
Hontza Xtrem Abentura parken elkartu ziren 14 urtez azpiko Eskolartekoko finalistak. Ekainean Eskolarteko topaketa finalean oholtza gainean aritu ziren arabar gaztetxoak larunbatean elkartu ziren zuhaitzetik zuhaitzera.

Azken urteetako tradizioari segi, Araba osoko bertsolari gaztetxoenek Oletako Hontza Extrem abentura parkean goiz edo arratsalde pasa bikaina egiteko aukera izan zuten. Eskolartekoan finalista izanagatik jasotako oparia izan da.

 

Bi txandatan banatu ziren, 50 bat ikasle txandako. Otxandioko igerilekutik Oletako abentura parkeraino abiatu ziren oinez, bidean elkarrei udako anekdotak eta sekretuak kontatuz joan ziren, elkar ezagutzeko edo harremanak sendotzeko parada bikaina. Parkera iristean arnesak jantzi, bertako adituen azalpenak entzun eta soka, eskailera, polea eta mosketoien txanda etorri zen ondoren. Zuhaitzetik zuhaitzera, ziri eta irribarre urduri artean igaro zuten goiz zein arratsaldea. Egun pasa paregabea! 

 

Datozen asteetan Araba osoko hirugarren zikloko gaztetxo asko hasiko dira ikastetxeetan bertan bertsolaritza lantzen, herri eta auzo ezberdinetan bertso-eskolak jarriko dira martxan eta zuk ere bertso-eskolan izena eman nahi baduzu egin klik hemen.