Arabar Eskolarteko maratoia

2019/05/21
Arabako eskualde mailako, 14tik beherakoen eskolarteko topaketak burutu ziren asteburuan. Hurrengo larunbatean Zigoitin jokatuko da finala.

Ostiral arratsaldean hasi zuten eskolarteko maratoia gure arabar sagu zaharrek, oinak buruan eta Arabar mendialdean, Aiaraldean eta Gorbeialdean eman zitzaion hasiera.

Mendialdean, Kanpezuko kultur etxean burutu zen topaketa. Eskualdeko bertso hautatuak kantatu eta sari banaketa izan zen. Bigarren hezkuntzako 3. Eta 4. mailako Bertsoa Bizi Gazte egitasmoa aurkeztutako bideoklipak proiektatu ziren eta amaitzeko merienda goxoa izan zen bertaratutako guztientzat.

 

Gorbeialdeko eskolarteko topaketak, Aramaioko Kultur Etxean izan zuen zita. Bertso eskolan jarduten diren gazteek bat-batean aritzeko parada izan zuten eta Gorbeialdeko eskola denetako bertso sorta hautatuen sortzaileek, egindako lana eskualdeko lagun denei erakusteko parada izan zuten. 

 

Aiaraldeko eskolartekoa ere ez zen gutxiago izan eta ostiralean bertan Amurrioko katekesi aretoan elkartu ziren, egindako bertso sortak kantatu eta merienda batez disfrutatuz.

 

Igandean maratoiarekin jarraituz, Gasteizko eta Arabar Errioxako eskolarteko topaketak jokatu ziren. Gasteizko Federico García Lorca antzokian izan zen zita, Gasteizko eskola desberdinetako ikasleak bildu ziren. Guztira 18 bertso sorta abestu zituzten beraiek aukeratutako gaiaren inguruan. Topaketari amaiera emateko Gasteizko bertso eskoletako kideek bat bateko saio bat egin zuten.

Eta asteburuko sagu zahar maratoiaren helmuga Oionen izan zen, Arabar Errioxako eskolartekoa eta festa izan zen Oionen. San Bizente ikastola, Lantziego ikastola, Assa ikastola eta Bastida ikastolako gaztetxoak mikrofonoen jabe. Lehiaketako bertso hautatuak kantatzera igo dira ziren "Euskaldun berria"ren kioskora.

 

Urte osoan bertsolaritza lantzen egindako lanaren erakuslehio bikaina izan da asteburua. Hurrengo urtean gehiago eta ahal bada hobeto egingo dugu eskualdez eskualde. Oso ondo aritu ziren ikasle guztiak. Zorionak guztiei! Eta eskerrik asko hau posible egiten duzuen guztioi, bultzatzaile, laguntzaile, guraso eta mahai jartzaileei. Handiak zarete!

Larunbat honetan amaituko da Arabako 14tik beherakoen Eskolartekoa. Zigoitin jokatuko da finala goizeko 11etan hasita.