Abenduan, Añana bertsotan

2014/12/09
Formatu ezberdineko 5 saio burutuko dira "Añana bertsotan" izena duen bertso-ziklo honetan. Gaubea, Antezana eta Langraiz Oka izango dira saio horien guneak.

Arabako Bertsozale Elkarteak Añanako euskara zerbitzuarekin, Langraizko Udalarekin eta Añanan Euskara Mingainean Elkartearekin "Añana Bertsotan" zikloa antolatu du, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza diru-laguntzarekin.

Abenduan, 5 saio burutuko dira Añanako eskualdean; Gaubea, Antezana eta Langraiz Oka izango dira bertso-saio horien guneak.

Gaubean, bertako euskaltegi talderekin batera baina herriari irekita hitzaldi-tailer bat antolatu da: Bertsolaritza, zer da hori? izenpean. Ruben Sanchezen eskutik bertsolaritzara hurbiltzeko saio bat izango da, honetaz gain bertso bat nola osatzen den ikasteko ere balioko du.

Langraiz Okako institutuko ikasleekin, abenduaren 12an, bertso-saio bat antolatu da, Gizarte Etxeko aretoan. Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre bertsoa hurbilduko zaie Langraiz Okako gazteei.

Antezanan, afari formatuarekin bertso-afari bat antolatu da Añanan Euskara Mingainean Elkartearekin, Iñurrita elkartean, abenduaren 12an.

Abenduaren 14an, Langraiz Okako eskolako LHko 5. eta 6. mailako ikasleek bertsolaritza klase bat jasoko dute Arabako Bertsozale Elkarteko irakasle baten bitartez.

Abenduaren 19an, Langraiz Okan, bertso-poteo formatuan Iñaki Viñaspre eta Manex Agirre arituko dira Langraiz Okako Mintzalagun taldearekin.

Añanan, euskararen ezagutza eta erabileraren eskutik bertsozaletasuna gorantza doa.

Añana Bertsotan 2015