Araba

Bueltan da Arabako bertsolari eta zaleen saio kuttuna: Bertxoko Sariketa urtarrilean ospatuko da, urte batzuetako etenaldiaren ostean

2024/01/12
Bertxoko Sariketa izen bereko irratsaioak eta Hala Bedik antolatzen duten bertsolari txapelketa da. Hogei bertsolarik hartuko dute parte, hiru kanporaketetan. Finala urtarrilaren 26an izango da Hala Bedi irratian. Bertxokoren 20. eta Hala Bedi irratiaren 40. urteurrenekin egingo du bat sariketak.

Hala Bedi irratiak eta Bertxoko irratsaioak Bertxoko Sariketa aurkeztu dute, urte batzuetako etenaldiaren ondoren. Adin eta herri ezberdinetako hogei bertsolarik hartuko dute parte sariketan. Aurten berezitasun bat ere badakar txapelketak: bikoteka jokatuko dute bertsolariek. Hogei bertsolari eta hamar bikote, beraz. Lau saio izango ditu sariketak: hiru kanporaketa eta finala. Gai jartzaileak ere etxekoak izango dira: Babazorra irratsaioko lagunak.

Lehen kanporaketa urtarrilaren 12an izango da, ostirala, 18:30etan Aramaioko Zabola Elkartean. Hiru bikote izango dira kantuan: Iraide Onaindia eta Xabi Antia, Ane Arexolaleiba eta Paula Amilburu, eta Gari Arexolaleiba eta Martin Abarrategi.

Bigarrena igandean izango da, urtarrilaren 14an, Baranbioko Garrastatxu Elkartean 16:30etan. Arabako Bertsolari Txapelketaren aurkezpenaren eta elkartearen 2024ko Batzar Orokorraren ostean izango da saioa. Bazkaria ere antolatu du Arabako Bertsozale Elkarteak, eta araba@bertsozale.eus helbidean edo 688 61 65 31 zenbakiari idatzita eman daiteke izena. Lau bikotek hartuko dute parte saio horretan: Aitor Ugarte eta Txomin Abarrategi, Maddi Agirre eta Aitor Najera, Danel Herrarte eta Markel Yoller, eta Hegoi Amabizka eta Peru Abarrategi.

Hirugarren eta azken kanporaketa Aguraingo Latsarri Gaztetxean egingo dute, urtarrilaren 19an 20:30etan. Sabin Abarrategi eta Unai Anda, Samu Rodriguez eta Eli Zaldua, eta Eukene De los Aires eta Aroa Arrizubieta bikoteak izango dira lehiakide.

Finala, urtarrilaren 26an Hala Bedi irratiaren lokalean

Urtarrilaren 26an, ostirala, izango da finala, 20:00etan Hala Bedi Irratiaren ondoko lokalean. Kanporaketa bakoitzean bikote bat izango da garaile, eta hiru bikote horiek hartuko dute finalean parte. Bikoteen sailkapena publikoak erabakiko txalometroaren bidez.

EGIN HEMEN BERTXOKO SARIKETAREN JARRAIPENA