1646an Zaldibian epaitutako emakumeei buruzkoa izango da aste honetako Hitzetik Hortzera
Barbara Agirre, Katalina Iztueta, Margarita Eleizegi, Maria Bautista Agirre, Maria Albisu, Maria Arruitz, Maria Bartzelona, Maria Gartzea Jauregi, Maria Joanitz Iraola eta Maria Ana Mendiola. Hamar emakume, ama bakarrak, eta gehienak, ardatzean lihoa iruten lan egiten zutenak. Horiexek dira 1646an Zaldibian epaitu zituzten emakumeak. Juan Martinez Nazabal Zaldibiako garai hartako alkateak akusatu zituen, jendartearen arabera desegoki, bekatuan eta eskandaluzko egoeran bizitzeaz akusatu, hain zuzen. Denboran ezkutuan egon badira ere, orain gertatu zenaren berri jakin ahal izan dugu, Alaitz Sarasolari eta Mikel Urteagari esker. Biak elkarrizketatuko ditu Mirari Martiarenak aste honetako Hitzetik Hortzeran.
Mikel Urteagak Ordiziako udal artxiboan topatu zuen gertaera hura kontatzen zuen dokumentua, 2022an. Hura artxiboan ezin zela geratu pentsatuta, autoa euskaratu zuen, eta ondoren artikulu forman argitaratu. 2024an, berriz, Soraluzen egin zen Señora Bertso Egunerako bertso sorta bat eskatu zioten Alaitz Sarasolari, eta aukera baliatu zuen Zaldibiako epaiketa bertsotara eramateko.
Hitzetik Hortzerako denboraldi honetan bertso sortak grabatu dira, eta tartean da Alaitz Sarasolak idatzitako 1646 sorta. Programa bukaeran sorta entzuteko aukera izango da, Manex Pagolak musikatuta eta Ainhoa Sarasuak eta Eñaut Agirrek kantatuta.
Abadiñon eta Agoitzen jokatutako finalaurrekoak ere, Hitzetik Hotzeran
Txapelketak aurrera doaz Bizkaian eta Nafarroan: finalaurrekoen fasean sartuta daude bietan. Aste honetako programan, bietako bertsoaldiak izango dira ikusgai.
Abadiñoko probalekuan egin zen Bizkaiko Txapelketako saioa, finalaurrekoetako lehenengo bueltako bigarrena, hain zuzen. Han aritu ziren kantuan Aitor Etxebarriazarraga, Enare Muniategi, Gorka Pagonabarraga, Maite Sarasola, Txaber Altube eta Unai Mendiburu, eta Igor Menika izan zen gai-emailea. Etxebarriazarraga izan zen nagusi, eta finalaurrekoetako bigarren bueltara sailkatu da horrela.
Agoizko kultur etxeak hartu zuen Nafarroako Txapelketako lehenengo finalaurrekoa. Eneko Lazkozek irabazi zuen saioa eta, horrela, zuzenean sailkatu da azaroaren 29an Nafarroa Arenan egingo den finalera. Oholtzan berarekin aritu ziren bertsotan Ekhiñe Zapiain, Eki Mateorena, Endika Legarra, Julen Zelaieta eta Saioa Alkaiza, eta Zigor Gartzia Zian aritu zen gaiak jartzen.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan ETB1en.