Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Kontrabanda eta Tirrit nagusitu ziren Taldekako Xilabaren 4. asteburuan

2018/11/04
Pasa den asteburuan, Hendaiako Bakarxoko eta Donibane Garaziko Luisenia ostatuetan jokatu ziren Taldekako XILABA Xapelketako ligaxken laugarren asteburuko bi saioak.

Larunbatean, "Otsoaren 7 umeak" taldeak prestatutako pintxo goxoak jastatu ahal izan zuten Lizeoko ikasleen txarangaren animazioarekin saioa hasi baino lehen, Garaziko Luisenia ostatuan bildutakoek. Luisenia ostatuko gela hotza berehala berotu zuten bertaratu ziren 100 bat lagunek. Zenbaitek saioa xutik entzun behar izan zuen toki eskasez. Bi taldeek agur zirikatzaileekin ekin zioten  saioari tonua emanez. Saio bixi, umoretsu eta hunkigarri baten ondotik, "Kontrabanda" taldea nagusitu zen lehia zinez parekatua izan zelarik. Txalo zarta handien artean agurtu ziren parte hartzaile guziak.

.Hendaia Bakarxoko

Asteburu huntako bigarren saioa ere larunbatean ospatu zen Hendaiako Bakarxoko ostatuan. Bakarxoko ostatuak prestatutako pintxoak jastatzeko aukera izan zuten bertan bildutakoek. Saio hau ere parekatua izan zen, eta "Tirrit" taldeak irabazi zuen "Sasi bertsolariak" taldeko kideekin lehian jardun ondoren.

Datorren asteburuan, azaroaren 9an ostiralarekin, saio bakar hau ospatuko da: 

Baigorriko Manexenea ostatuan, 20:00etan, bertsu afaria. "Tirrit" taldeak antolatzen du saioa eta gomita "Dilindan" taldeak jasotzen du. Afariarentzak izena emateko telefonoa: 06 31 91 91 12

Zato hurbilekoen sustengatzera, gustukoen animatzera, eta orozgain bertsuaz gozatzera!