Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Taldekako XILABAren ligaxka amaitu da

2018/11/19
Pasa den asteburuan, Hendaian eta Azkainen jokatu ziren Taldekako XILABA Xapelketako ligaxken azken bi saioak, eta jadanik badakigu ze talde pasa diren finalerdietara.

Ostiralean, Xiberoko"Kantiniersak" taldea, nagusitu zen Hendaian ospatu zen saioan,  bertako "Kosta ala Kosta" taldeko kideekin lehiatu ondoren. Giro goxoa eta polita bizi izandu zen Akelarre elkartean bildutako bertsulari eta bertsuzaleen artean. Kanaldude izan zen bertan, emankizuna zuzenean ematen.

Hendaian 2

Asteburu huntako bigarren saioa larunbatean ospatu zen Azkainen. Saio hau Xoko Ona ostatuan antolatu zen eta etxeko "Mattinsalto" taldeak irabazi zuen Amikuzeko "Eskukula" taldeko kideekin lehian jardun ondoren. Bildutako jende andanak, bertsutaz gozatzeko parada ederra izan zuten bertan.

Azkaine

Ligaxka bukatuta, datorren asteburuan ospatuko diren finalerdietara talde hauek sailkatu dira:

Zuzenean, A multxotik "Eskorbrutak", B multxotik "Mattinsalto", eta C multxotik "Dilindan". Eta multxo guzietatik bigarren hoberena "Kantiniersak"

Datorren asteburuan, finalerdietako bi saio hauek ospatuko dira: 

Azaroaren 23, Suhuskuneko herriko gelan, Ortzaizeko ikastolak antolaturik, 20:00etan afaria eta 22:30ean saioa. "Ezkorbrutak"  eta  "Mattinsalto" taldeak buruz-buru. Afariarentzak osteguna aitzin izena emateko telefonoa: 06 77 45 82 26 

Azaroaren 24, Baionako Zizpa gaztetxean, Talo bertsu besta. 18:30ean taloak eta animazioa, ondoren 19:00etan saioa, "Dilindan"  eta  "Kantiniersak" taldeekin. 

Zato hurbilekoen sustengatzera, gustukoen animatzera, eta orozgain bertsuaz gozatzera!