Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Taldekako XILABA: Sara eta Amenduze

2023/10/02
Xilabako 2. asteburuko berriak hemen.

Sarako Urtxola ostatua ttiki gelditu zen ostiraleko saioan. Etxeko Lizaieta taldean Etxahun Azkarraga, Ellande Alfaro, Haira Aizpurua eta Karlos Aizpurua izan genituen. Kakoiak taldeko Beñat Larrory, Aetz Etxart, Joanes Etxeberria eta Leire Casamajou xiberutarrak errezibitu zituzten Lapurdin. Haserako agurrek giroa erabat goxatu zuten eta saio emankorra eskaini zuten Aitor Servierrek proposaturiko gaiekin. Lizaieta taldea gailendu zen.

Larunbatean Amenduzera hegan egin zuen taldekako Xilabak. Bertako Eskukula eta Ez dok 5 taldeak lehiatu ziren bertan. Pettan Prebende, Bittor Thikoipe, Ramuntxo Christy eta Paul Moralek osatzen dute Eskukula taldea. Saioaren irabazlea Ez dok 5 taldea izan zen. Bertako partaide dira Maddi Sarasua, Battitt Crouspeyre, Oier Urreizti, Xermin Camblong eta Joana Itzaina. Eihera jendez bete zen eta giro bikaina sortu zen, Ortzi Idoate gai emaile izan zelarik.

Hurrengo geltokiak hauexek: urriaren 6n ostiralez bi saio izango dira: Hendaiako Enbata gaztetxean trago eta pintxo 19:00etan (Ipiñitzeko bertsuak eta Muttikoak) eta Baionako Zizpa gaztetxean 19:00etan trago eta pintxo (Zizpa txispa eta Eskukula).