Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Taldekako XILABA: Hazparne eta Baiona

2023/10/16
Bururatu da Xilabaren 4. asteburua eta lehia estutzen ari da.

Hazparneko Xuriatean ospatu zen ostiraleko saioa, bertan Hazparke taldea eta Lizaieta lehiatu ziren. Irantzu Idoate, Ortzi Idoate eta Nahia Sascok ordezkatzen duten etxeko taldea gailendu zitzaien Lizaieta osatzen duten Etxahun Azkarraga, Ellande Alfaro, Haira Aizpurua eta Karlos Aizpuruari. 100 entzule baino gehiagoren aitzinean giro umoretsua nagusitu zen, bertso ederren artean. Hazparneko bertso eskolako haurrek ere parte hartu zuten beraien bertsoak eskainiz. Gai emailea Miren Artetxe izan zen.

Baionara joan zen Xilaba igande goizean. Biltxoko elkartean Bruntx´aioa prestatua zen, leku guziak beteak ziren bi egun lehenago. 3 Kasko taldeak (Maialen Berra, Lur Renteria eta Marga Berra) Ipiñitzeko bertsuak taldea errezibitu zuen (Oihan Diaz, Josu Txoperena, June Diaz, Maddi Ane Txoperena, Aimar Karrika eta Kerman Diaz) eta Paul Moal izan zuten gai emaile. Baionako bertso eskolako haurren ondotik, agur umoretsu zein hunkigarriak entzun ahal izan genituen. Epaileek hala ebatzita, Ipiñitzeko bertsuak taldea gailendu zen.

Hurrengo geltokia Aldudeko Alfaro ostatuan izango dugu urriaren 20ean 19:30etan. Bertan ligaxken azken saioa izango dugu eta bi talde hauek lehiatuko dira: Ez dok 5 eta Zizpa Txispa.