Taldekako XILABA: Azkaine

2023/11/06
Muttikoak eta Lizaieta taldeak lehiatu ziren Azkainen larunbatean.

Giro ederrean eta Azkaingo ikastolako taloen usain goxoan pasatu zen larunbateko taldekako Xilabaren azken finalerdia. Muttikoak (Irati Alcantarilla, Haize Lekuona, Ibai Lekuona eta Miren Artetxe) eta Lizaieta (Etxahun Azkarraga, Ellande Alfaro, Haira Aizpurua eta Karlos Aizpurua) taldeak izan genituen taula gainean. Epaileek garailetzat eman zuten Muttikoak taldea. Beraz, erabakita gelditu da finala: Hazparke & Muttikoak. Finala azaroaren 18an izango da Aiherrako herriko gelan. 12:30ean bazkaria izango dugu eta saioa 17:00etan hasiko da. Txartelak salgai izanen dira bihartik goiti leku hauetan: Baionan Elkar dendan, Hazparnen Lurra dendan, Donibane Garazin Irulegiko irratian, Donapaleun Bertso Amikuzen, Maulen Xiberoko bozan eta Pausun Xaia ostatuan. Email hontara idatziz ere erreserbak hartuak izanen dira: bertsularien-lagunak@bertsozale.eus.