Santos Beloki zendu da

2025/08/06
1936an sortu zen Ezkurran. Bertsolaritzari estuki lotua egon da. Gaur pausatu da Bermeon frantziskotarra.

Santos Beloki Indakoetxea Ezkurrako (Nafarroa) Plazenea etxean sortu zen, bertako okindegiko semea. Gaztetxoa zela Arantzazuko seminariora joan zen eta han abiatu zuen Frantziskotar bidea. 25 urtez egon zen Donapaleun bizitzen. Bertsularien lagunak elkartearen sortzailetakoa izan zen 1980an. Urte hortan Etienne Sallaberry apezak Ernest Alkhat eta Jean Louis Hariñordoki "Laka"ri erran zioten: " ikusten delarik zer egoeretan dagon hemen bertsularitza beharrezko zindukete gelditzen zaizten bertsulari eta bertsuzaleek elgarretaratzea hortaz mintzatzeko eta elkarte bat xutik emaiteko". Ernest Alkhat, Jean Pierre Mendiburu, Jean Louis "Laka", Txomin Ezponda, Fermin Mihura, Mixel Itzaina, Panpi Etchegoin, Mixel Lecuona , Emile Larre, Manex Erdozaintzi-Etxart eta Santos Beloki bera bildu ziren. Hala sortu zen 1980ko abuztuaren 18an deneri idekia den Bertsularien lagunak elkartea. Garai hartako kalapitak gainditurik, Gipuzkoan hartu berria zuten bideari heltzea deliberatu zuen elkarteak eta bertsolaritza Seaskako ikastoletan sartzeko ahaleginari lotu zitzaien. Santos 1984an hasi zen bertso irakasle Donibane Garaziko ikastolan, Hazparnen eta Maulen ondotik. Xanti Iparragirre eta Jexux Arzalluzekin batera lau urtez aritu zen zeregin horretan. Zuzendaritza kide ere izan zen 1987tik 1990ra bitartean.

Gai emaile gisa ere sarritan aritu zen (1980-1990), baita ere epaile lanetan Nafarroako Bertsolari Txapelketan eta Lapurdiko Bertsolari Sariketan garai bertsuan.

Hitz jario onekoa, predikurako aparta, asko landu zuen bertso idatzia ere. Seguran destinatu zuten 1991an eta gero Zarauzko Frantziskotarren konbentuan egon zen. Azken urtean Bermeoko egoitzara erretiratua zen. Herria eta euskara izan ditu bizitzako gida lerro.

Hileta elizkizuna bihar izanen da Bermeoko Frantziskotarren elizan arratsaldeko 17:30ean.

Milesker handi bat Santos!

 

Jon Urbe (FOKU)