Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Nahia Etcheverry da 2025eko Gazte Xilabako txapelduna

2025/06/07
Itsasun jokatu da finala larunbat honetan. Lapurdi, Xiberua eta Baxenafarroko sei bertsolari gazte aritu dira kantuan.

Jendez betea zen Itsasuko Sanoki gelan abiatu du gaurko finala Elixabet Etxandi gai emaileak. Beren agurrak kantatu dituzte gaurko saioan Goizane Etcheverry, Amaiur Aizpuru, Unax Aizpurua, Nahia Etcheverry, Leina Alkhat eta Gana Berhokoirigoinek. 

Ofizio ezberdinetan aritu ondotik bakarkako gaia ukan dute kantagai, eta ale hunkigarri eta xoragarri batzuk entzun ahal izan ditugu. Hiru lurraldetako hizkuntzaren aberastasunak ere bere islada izan du bertsoaldi ezberdinetan eta adibide gisa xuka aritu dira baxenafartarrak ofizio batean.

Azken deliberoa hartu dute Ramuntxo Christy, Zuhaitz Olazabal, Maindi Murua eta Ainhoa Sarasua epaileek. Lehia estua izan dela argi utzi du epaiak, izan ere berdinketa gertatu baita. Azkenik Nahia Echeverry Lopepe ainhiztarrak jantzi du txapela. Txapela Aritz Bidegain Bertsularien lagunak elkarteko lehendakariak ezarri dio. Ideia originalena izan duen bertsoaren saria aldiz Unax Aizpuruak eskuratu du Marikarmen Albizuren eskutik.  Honenbestez erabakita gelditu da Euskal Herriko eskolarteko txapelketan Iparraldea ordezkatuko duten bertsolarien zerrenda: Nahia Etcheverry, Unax Aizpurua, Goizane Etcheverry, Amaiur Aizpuru eta Leina Alkhat arituko dira kantuan ekainaren 14an Arantzako frontoian goizeko 11:30ean.

Goresmenak Gazte Xilabako parte hartzaile guzioi, biba zuek!

 

 

 

 

 

Nahia Etcheverry azken agurra kantatzen.