Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Maiatzaren 9an jokatuko da Hernandorena sariketaren finala Uztaritzen

2026/05/04
Bi sailkatze saioen ondotik sei bertsolari arituko dira finalean.

Herri Urrats egunaren bezperan, maiatzaren 9an, izanen da Hernandorena gazteen sariketaren finala Uztaritzeko Latsa gelan 19:00etan. Sei bertsolari iritsi dira final honetara: Nahia Etxeberri Lopepe, Irati Alcantarilla Urdanpilleta, Kattin Madariaga Apaolaza, June Aiestaran Iparragirre, Izaro Bilbao Arostegi eta Irantzu Idoate Funosas. Antton Lannes izanen da gai emailea. 

18 eta 25 urte arteko Euskal Herri osoko 12 bertsolari gaztek hartu dute parte aurtengo edizioan. Bi sailkatze saio izan dira aurreko asteetan Pagola eta Hendaian.

Txapela noren burura joanen da jakinen dugu larunbatean, eta ondotik jatekoa eta edatekoa izanen dira Latsa gelan.