Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Larunbatean ospatu zen Larraldean Bertsularien Lagunak elkartearen urteroko Biltzar Nagusia

2015/03/03
2014an transmisioan eta sustapenean egin lanaren bilanak eta 2015erako egitasmoak aurkeztu ziren. Bertara hurbildurikoek 2014ko diru kontuak eta 2015eko aitzinkontua aho batez onartu zituzten. Haien artean bertsulariak, bertsuzaleak eta erakunde ezberdinetako ordezkariak baziren, bertzeak bertze, Hego Lapurdiko Hiriguneko, Euskal Konfederazioko, hainbat Herriko Etxeetako, Seaskako, Euskararen Erakunde Publikoako, eta Euskal Kultur Erakundekoak.

2014ko datuak aztertuz, Xiberoan, Baxenabarren eta Lapurdin bertsularitzaren jarduna emendatuz joan dela azpimarratu zuten, bai ikastola eta gela elebidunetan, bai bertsu-eskoletan, baita beste elkarteek antolatzen dituzten saio kopuruari begiratzen zaionean ere. Hedapen horretan, aipamen berezia egin zitzaion erakasleen lan emankorrari.

 

XILABA xapelketa ere aipatu zen, eta informazio orokorra eman ondoren hainbat jendearen lan bolondresa azpimarratu zen. Eskertu ziren bertsulariak, epaileak, gai-egile taldea, eta parte-hartzaile guziak. Haien ekarpenari esker xapelketak etekina eman zuen eta horrek ere lagundu du kontuei dagokionez, urtea ongi bukatzen.

Baliabide ekonomikoei dagokionez, erran zuten BL elkartea ari dela iturri berriak lortzen, adibidea 2014an Kontseilu Orokorrarekin harremanak estutu direla eta bertatik bertsu-eskolak sosaz laguntzen hasiak direla. Baita ere BL elkartea, erakunde ezberdinekin hitzarmenak lotzen ari dela agertu zen.

Maite Deliartek, Euskal Kultur Erakundearen izenean, Bertsularien Lagunaken lana goraipatu zuen, eta BL-k bertsularitzaren sustapenean Hiru Lurraldeetan duen erreferentzialtasuna azpimarratu. EKEtik sustapenean laguntzen jarraitzeko engaiamendua ere berretsi zuen. Ondoren, Mikel Oronosek Euskal Konfederazioaren izenean hartu zuen hitza, eta berdin egin zuen EEP ordezkatzera bertara hurbildu zen Ttitto Aguerrek.

Euskal Herriko Elkartetik Aritz Zerain eragile buruak esker oneko hitzak ukan zituen, bereziki, proiektua gauzatzeko lanean ari direnentzat.

Azkenik, Joana Itzaina BL elkarteko lehendakariak, egunerokoan bertsutan ari diren guziak eskertuz, eta Txato gogoratuz bukatu zen biltzar nagusia. Hauek izan ziren lehendakariaren azken hitzak : «gora bihotzak».

Umore onean, talde argazkia eta aperitifarekin bukatu zen Biltzar Nagusia.

Denek gogoan izan genuen orduan 2014an zendu zen Aitor Renteria "Txato", bertsularia eta gai-emaile izateaz gain BL elkarteko zuzendaritza kidea ere izan zena.

Biltzar nagusian 2015 Bertsularien lagunak elkartea