Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Irati Alcantarillak jantzi du Hernandorena sariketako txapela

2026/05/10
Lehia estu estua izan da bertsolarien artean.

Uztaritzeko Latsa gela jendez mukuru betea zela eman zaio hasera Hernandorena sariketaren finalari. Antton Lannes gai emaileak banan banan deitu ditu sei bertsolariak: Izaro Bilbao, June Aiestaran, Irati Alcantarilla, Kattin Madariaga, Nahia Etxeberri eta Irantzu Idoate. Zortziko handi zein ttipian aritu dira bertsolariak, puntu erantzunean ondotik, hitzari bertso bana kantatu eta hamarreko ttipikoa izan dute azken ariketa.

Iban Thikoipe eta Jon Garmendia "Txuria" epaileek hala ebatzirik, buruz buruzkoan kantatu dute June Aiestaran eta Irati Alcantarillak. Azkenik saioko garailea izan da Irati Alcantarilla. Txapela Benat Soulek jantzi dio. Sariketaren alde informalaren seinale izan dira bertsolari bakoitzak ukan dituen opari bereziak. Hauek Axier Mingo Hernaniko hautetsiaren eskutik jaso dituzte, izan ere sariketa honen laguntzaile baitira Hernani, Zizurkil eta Bergarako herriko etxeak.

Lerro hauen bitartez eskertu nahi ditugu aipatu herriko etxeak, Pagolako Auzteia ostatua, Hendaiako Enbata gaztetxea eta Uztaritzeko Latsa elkartea emandako laguntzarengatik eta egindako harreragatik. Ederra izan da beste urte batez Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako bertsolari gazteak entzutea, mugarik gabe.