Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Hernandorena sariketa abiatuko da apirilaren 18an Pagolan

2026/04/14
Bi sailkatze saio eta finala izango ditu sariketak.

Hernandorena sariketa Ipar Euskal Herrian bi urtez behin jokatzen den bertsolari gazteen txapelketa bat da.

     Teodoro Hernandorena Barandiaran (1898-1994), sortzez zizurkildarra, Donibane Lohitzunera etorri zen 1936ko gerlaren ondotik. Euskal herritar politikari eta kulturgilea izan zen. Bidasoaz bestaldean ziharduen gisan, gure hiru herrialdeetan ere kulturgintzaren eremuan segitu zuen lanean eta saiakera handia egin zuen bertsularitzaren sustapenean. Bera izan zen, besteak beste, Mattin Treku eta Fernando Aire “Xalbador” bertsulariak Euskal Herriko plazetara atera zituena.

Haren omenez, Euskal Herri guziko bertsulari gazteak gomitatuz antolatzen dugun sariketari Hernandorena izena eman genion. Lehen edizioa orain hogei urte egin zen eta ordutik ez du etenik izan.

Gazte Xilabako ibilbidetik plazako ibilbidera jauzia ematen ari diren 25 urte arteko gazteei, beren burua ezagutarazteko parada ematea da xedea, txapelketa handien lehiakortasunetik kanpo, lagun arteko norgehiagoka batean.

Aurtengo edizioan 12 bertsolari gaztek hartuko dute parte:

Lehen sailkapen saioa apirilaren 18an izanen da Pagolako Auzteia ostatuan 19:00etan eta bertsolari hauek izango ditugu entzungai: Nahia Etxeberri, Pagoa Bidart, Araitz Katarain, Josu Txoperena, Kattin Madariaga eta Danel Herrarte. Gai emailea Aritz Bidegain izanen da.

Bigarren sailkapen saioa apirilaren 24an izanen da Hendaiako Enbata gaztetxean 19:30ean.

Hernandorena sariketako finala Herri urrats egunaren bezperan, maiatzaren 9an izango da Uztaritzeko Latsa gelan 19:00etan.

Sariketa ilustratzen duen irudia Mari Campistronek sortua da.

Bergara, Zizurkil eta Hernaniko herriko etxeak eskertu nahi ditugu sariketaren antolakuntzan emandako babesarengatik.