Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

HERNANDORENA gazteen sariketa

2024/04/12
Teodoro Hernandorenaren omenez antolatzen dugun sariketa da.

Bi urtez behin egiten dugun sariketa da eta 16-22 urte arteko Euskal Herriko 12 bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan. Teodoro Hernandorena, sortzez zizurkildarra Donibane Lohitzunera etorri zen 1936ko gerlaren ondotik. Bidasoaz bestaldean ziharduen gisan, gure hiru herrialdeetan ere kulturgintzaren eremuan segitu zuen lanean eta saiakera handia egin zuen bertsularitzaren sustapenean. Bera izan zen, besteak beste, Mattin Treku eta Fernando Aire "Xalbador" bertsulariak Euskal Herriko plazetara atera zituena.

Eskolarteko txapelketako ibilbidetik, plazako ibilbidera jauzia ematen ari diren 22 urte arteko gazteei, beren burua ezagutarazteko parada ematea da xedea, txapelketa handien lehiakortasunetik kanpo, lagun arteko norgehiagoka batean.

Aurtengo edizioak hiru saio izango ditu: apirilak 20 IRISARRIko Gure Doia ostatuan eta apirilak 27 HENDAIAko Baleak elkartean, bi saio hauek 19:00etan hasiko dira. Finala maiatzaren 11an (Herri Urrats bezperan) SENPEREko Larraldean izanen da 19:00etan. Saio guztietan jatekoa eta edatekoa izanen dira.

Hernandorena sariketa irudia berriturik datorkigu aurtengoan. Mari Campistron aldudarrak sortu du irudi berria.

Bide batez eskertu nahi genituzke Bergara, Zizurkil eta Hernaniko herriko etxeak, sariketa hau antolatzeko emandako laguntzarengatik.