Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Haizea Dator Baionatik pasa da

2022/02/07
Baionako Biltxoko Elkartean egin zen bertso saioa eta jende andana hurbildu zen gazteen bertsoez gozatzera

Joan den ostiralean, otsailaren 4ean, Haizea Dator ekimenaren harira bertso saio polita eskaini zuten gazteek, Baionako Biltxoko Elkartean. Xanti Lacroix, Aiantze Lanes, Oihan Perez, Irantzu Idoate, Patxi Irirart eta Josu Txoperena aritu ziren kantuan, bertaratutako entzuleen gozamenerako. Baionako bertso eskola desberdinek antolatu zuten saioa eta 60 lagunetik gora elkartu ziren.

Saioa hasteko Baionako bertso eskolako haurrek agurra kantatu zuten, bertsolari bakoitzari bertso bat eskainiz. Irri eta txalo artean abiatu zen saioa eta giro beroa izan zen saio bukaera arte. Nahi duenak, aste honetako Hitzetik Hortzeran ikusten ahalko du saioaren aukeraketa bat.

Haizea Dator bertso eskoletan aritzen diren gazteei plazak eskaintzeko sortutako ekimena da. Bertsolari gazteei plazan aritzen diren beste bertsolari batzuekin kantatu eta lagunarte giroan oholtzarako urratsa emateko erraztasunak jartzea dute xede bertsio saio hauek.

Berriz ere helburu eta asmo guziak beterik, haizea Baionatik pasa da. Hurrengoa martxoaren 4ean, Urruñako Berttoli Elkartean izanen da, arratseko 19:00etan. Urruñako bertso eskolek antolatuko dute saioa eta ondoko bertsolari hauek arituko dira kantuan:

Miren Artetxe

Irati Alcantarilla

Itzal Aranzabal

Ibai Lekuona

Haira Aizpurua

Garikoitz Agirre