Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketa, abian

2021/01/25
Otsailaren 28ra arte bidali ahal izango dira lanak. Bertsopaper lehiaketa honen helburua bertsoaren aldaera guzien presentzia bermatzeaz gain, plazatik harago dauden bertsolariei adierazteko parada ematea da.

Bertsularien Lagunak elkartetik I. Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketa antolatzen dugu. Urteroko lehiaketa izan nahi duen honek gazteen eta helduen sailak barne izanen ditu.

Gazteen saila 16 urte artekoa izanen da, eta helduen saila adin horretatik gorakoentzat. Euskal Herri guziko bertsolariei zuzendua da, eta bertso sortak itzultzeko epeak otsailaren 28an izanen du muga. Martxoaren 20an jakinaraziko da epaia.

Bertsopaper lehiaketa honen helburua bertsoaren aldaera guzien presentzia bermatzeaz gain, plazatik harago dauden bertsolariei adierazteko parada ematea da. Izan ere, tradizioz, Ipar Euskal Herrian, eta Euskal Herri osoan oro har, bertso idatziak leku handia izan du. Tradizio hori bermatu eta hedatu nahi dugu, Aitor Sarasua bertsogintzan eta Ipar Euskal Herriko bertso irakaskuntzan eta sustapenean hain leku garrantzitsua izan duena omentzearekin batera.

Parte hartzeko baldintzak eta sariak, hemen topatuko dituzue.

ANIMA ZAITE!

Gazteen eta helduen saila izango dira. / XDZ